1929 eta 1945 bitartean jaiotako euskal australiarrak omenduko dituzte
Euskal Australiar Elkarteak Australiara joandako euskal herritarrak omentzeko aprobetxatuko du oraindik aurrera urtero egiten duen 'Australianoen bazkaria': aurten 1929 eta 1945 bitartean jaio eta bizirik daudenei egingo diete errekonozimendua.
Asko dira hamaika arrazoi ezberdinengatik Australiarako bidea hartu zuten Euskal Herriko bizilagunak, eta horien testigantzak, bizipenak edo bizi-istorioak jaso eta zabaldu asmoz lanean ari dira Eusko Australiar Alkartekoak, hainbat urtez. Australiara joandako euskaldunek eta horien oinordekoek osatutzen duten “eusko australiarrak” batzea dute jomuga, eta horretarako hainbat ekintzatan murgilduta dabiltza; hala nola, herriz herri dabilen Basques in Australia erakusketa, Australiara emigratu zutenen erregistroa izango den liburu-bilduma —Bizkaiko Foru Aldundiagaz prestatu gura dute— edota etxera itzuli ziren euskal australiarren urteroko bazkaria.
Australiarren bazkaria da elkartearen urteko hurrengo hitzordu handia, ez baitiote hutsik egingo egutegietan gorriz markatuta duten ekaineko bigarren zapatuko hitzorduari. Hala, ekainaren 13an egingo dute aurten bazkaria, berrikuntza batekin: Eusko Australiar Alkarteak bazkaria Australiara joandako euskal herritarrak omentzeko baliatzea erabaki du, baina “jende pila bat” denez, adin tarteka egingo dute hori. Aurten, hasteko, 1929 eta 1945 urte bitartean jaiotako—eta bizirik dauden— Busturialdeko zein Lea-Artibaiko bizilaguneri “merezitako errekonozimendua eta eskerrak” emango dizkiote. Aipamen berezia egin eta oroigarria banatuko dizkietela aurreratu dute. Gainera, edozein arrazoi tarteko, omenduak bertaratzeko aukerarik izango ez balu, horien senideek jasoko lukete oroigarria.
Elkartekoentzat “garrantzitsua” da Australian izan zen komunitate guztiarengana iristea eta, horregatik, herriz herriko deialdiak zabaltzen ari dira “inor kanpoan ez geratzeko”: “Norberak erabaki dezala bazkarira etorri edo ez, baina gure aldetik deialdia denei helarazi nahi diegu”. Hala, baldintzak betetzen dituzten pertsonei zein horien senide eta ezagunei elkarteagaz harremanetan jartzeko eskaria egin diete, horretarako hainbat bide zabalduz: euskalaustraliaralkartea@gmail.com helbidera idaztea, 636 132 739 telefono zenbakira deitzea edo Busturialdeko zein Lea-Artibaiko udaletxeetara hurreratzea.
Herriz herriko erregistroa.
Elkartetik urteak daramatzate testigantza, argazki eta dokumentuak bildu eta Australiara joan zirenen erregistroa osatzen, eta bazkaria zein bazkal osteko omenaldia lan horrekin jarraitzeko tresna izan daitezkeela uste dute. Bide beretik doa Eusko Australiar Alkarteak aldundiaren laguntzagaz argitaratuko duen Australia liburu bilduma: “Eskualdeka egingo dugu Bizkaia mailan, baina Busturialdean eta Lea-Artibain hasiko gara; herriz herri bertara joan eta itzuli zirenen, bertan gelditu zirenen, hildakoen zein bizirik dirautenen erregistroa izango da”.
Zehaztu dutenez, Euskal Herritik bertara joandakoen izen abizenekin zerrenda egiteaz gain, “ahal den guztietan” biografia, argazki edo dokumentuak ere txertatuko dituzte. Dagoeneko “jende askorekin” egon badira ere, “denak” behar dituztela argitu dute, beste behin beraiekin harremanetan jartzeko eskaria eginez.
Erakusketa.
Basques in Australia erakusketa ibiltaria ere herriz herri bere bidea egiten ari da. Eskualdeetako hamaika herritatik igaro ostean, Mendexako elizan egingo du hurrengo geldialdia, martxoaren 29tik [domeka] apirilaren 6ra [astelehena] bitartean. Ordutegiari dagokionez, martxoaren 29an 11:ooetatik 13:30era bisitatu ahalko da; apirilaren 2an eta 3an, berriz, 17:00etatik 20:00etara eta apirilaren 4ean, 18:30etik 20:00etara. Gainontzeko egunetan ikusi nahi izanez gero udaletxera deitu beharko dela zehaztu dute: 94-684 21 06.
Mendexatik Irunera egingo du salto erakusketak eta ostean Busturialdera itzuliko da, Mundakako Santa Katalina ermitara eta Mendatara, hain zuzen. Urrian, Ondarean Jardunaldiak egitasmoaren baitan, Ziortza-Bolibarko Simon Bolivar museoan egongo da ikusgai.