Domekan Markina-Xemeingo Haitzasko Oroimenezkoan 200 parte hartzaile espero dira
35. urteurrena ospatuko du lasterketak elite eta 23 urtez azpiko euskal torneoko probarekin eta ibilbide egokitu batekin.
Markina-Xemeinek hitzordu garrantzitsua izango du domekan [martxoak 22], Haitzasko Oroimenezko lasterketaren 35. edizioarekin. 09:45ean hasiko da proba, eta elite mailako zein 23 urtez azpiko korrikalariek parte hartuko dute, Euskal Herri mailako torneoaren barruan.
Antolakuntzak jakinarazi duenez, momentuz izen-ematea ez da oso handia izan, baina oraindik epea zabalik dago lasterketa egunera arte, eta azken egunetan parte-hartzaileen kopurua nabarmen handitzea espero dute. “Oraindik ez dakigu kopuru zehatza, baina 150 eta 200 korrikalariren artean ibiltzea aurreikusten dugu”, azaldu dute. Izan ere, eguenera arte dute lehentasuna torneoan izena eman dutenek, eta ondoren beste korrikalariek ere apuntatzeko aukera izango dute. Gehienezko muga 200 parte-hartzailekoa da, baina kopuru horretara iristen ez bada, egunean bertan ere izena emateko aukera egongo da.
Aurtengo edizioan ibilbidean aldaketa batzuk egin dituzte, batez ere antolakuntza errazteko. Aurreko urteetan Ondarroa inguruko pasarteak sartzen ziren, baina aurten kendu egin dira, logistika zailtasunak zirela medio. Horren ordez, bi itzuli egingo dira Munitibar eta Oleta inguruan, eta hirugarren zatian Markinatik igota, Aulestitik igarota helmugara iritsiko dira korrikalariak. Antolatzaileen arabera, ibilbidearen gogortasuna antzekoa izango da, baina kudeaketa sinpleagoa izango da.
Bestalde, aurten beste aldaketa garrantzitsu bat ere izango da: domeketan udaltzainen zerbitzurik ez egoteak antolakuntzari lan gehiago ekarriko dio. Horrez gain, izen-ematea eta lasterketaren inguruko gestioak egiteko erabiltzen zen udaletxea itxita egongo denez, antolakuntza gunea Plaza Barrian kokatuko da.
Parte-hartzaileen jatorriari dagokionez, gehienak Euskal Herrikoak izaten dira, baina inguruko lurraldeetatik ere etortzen dira korrikalariak, Gipuzkoa eta Nafarroatik kasu. Lasterketa 18 urtetik gorakoentzat da, eta 27 urtera artekoek azpiko kategorian lehiatzeko aukera izango dute.
Antolatzaileek azpimarratu dute proba honek maila handia duela Euskal Herriko egutegian, eta urtez urte erreferentzia bihurtu dela. 35. urteurren honetan, parte-hartze ona eta giro bikaina izatea espero dute, kirolaz gain herriko eta eskualdeko zaletasuna ere indartuz.