"Egitarau zabalarekin" dator 29. Berdel Eguna Mutrikura
Martxoaren 28an ospatuko dute mutrikuarren 29. Berdel Eguna. Hala ere, aurreko asteetan ekimen ezberdinak egongo dira herrian.
Mutrikuarrak prest daude martxoaren 28an 29. Berdel Eguna hartzeko. Egun “berezia” izaten da herritarrentzat Berdel Eguna, eta aurten, gainera, eguneko egitarauaz gain, aurreko asteetan ere izango dute zertaz gozatu mutrikuarrek. Izan ere, jaiari hasiera emateko hainbat ekitaldi antolatu ditu Mutrikuko Udalak datozen egunetarako: “Herriko sektore ezberdinen inplikazioa eta lana azpimarratu nahi dugu: jatetxe, taberna, elkarte eta urtetik urtera antolaketan parte hartzen duten boluntario ugari”.
Mutrikuko Udalak herriko zein eskualdeko eragileekin elkarlanean antolatutako egitaraua da Berdel Egunekoa: “Berdelaren kanpaina oso garrantzitsua izan da herriko arrantza sektorearentzako. Ekimen hau antolatzeko, eskualdeko hainbat eragilerekin elkarlanean gabiltza urte hasieratik, beste urteetako oihartzun berbera izan dezan eta, batez ere, jendeak Berdela ezagutu eta produktu hau sukaldatzeko dauden modu ezberdinak deskubritu ditzan. Beraz, berdelaren promozioarekin jarraitzea eta arrain honen ezaugarri gastronomikoak ezagutaraztea ezinbestekoa dela iruditzen zaigu. Baita gaur egun berdelaren egoera zein den ezagutaraztea ere”.
Beraz, martxoaren 28an “askotariko” ekintzak egongo dira Mutrikun. 10:00etan emango diote hasiera egitarauari Danok Bat pilotazale elkarteak antolatutako Grabni banakako txapelketarekin: Gipuzkoa Bizkaiaren kontra. Miruaitz frontoiak hartuko du txapelketa. Ondoren, 10:30etik 14:30era bitartean, umeentzako arrantza tailerrak egongo dira Kofradian Izan arrantzale izenburupean, Itsas etxeak antolatuta. Bitartean, 11:00etan, Mutrikuko IX. Belaontzien arteko txapelketa egongo da Kalatxori bela elkartearen eskutik.
11:00etatik 15:00etara bitartean Merkatu txikia eta artisau eta sortzaileen azoka egongo da portuan, Eixu artisau elkarteak antolatuta, eta 12:00etan, herriko abesbatzen kontzertua egongo da Zabiel plazan.
13:00etan helduko da herritarrentzako momentu”berezia“. Izan ere, berdel pintxoen dastaketa herrikoia egongo da portuan, eta bitartean, trikitilariek herriko kaleak alaituko dituzte.
Egitarauari amaiera emateko kontzertuak egongo dira portuan 19:00etan: Izan bai taldea eta Bide batez erromeria igoko dira oholtza gainera.
Bestelako ekintzak. Hala, gaur [martxoak 18] emango diote hasiera Berdel Eguneko egitarauari. Zer dakigu eta nola kudeatzen da? izenburupean Aztiko kide den Leire Citoresek berdelaren egungo egoerari buruz hitz egingo du: “Mutrikuko herriarekin estuki lotutako arrain goxo honen atzean ikerketa ugari daude: itsasoan duen banaketa, ezaugarri biologikoak, denboran zehar izan dituen aldaketak edo haren arrantza-kudeaketa sistemaren inguruan. Saio honetan, plateretik urrun, berdelaren alde zientifiko eta ezezagunagoari begiratuko diogu”. Hitzaldia 19:00etan izango da, Zabiel kultur etxean.
Barikuan [martxoak 20] Berdel aipamena banatzeko ekitaldia egingo dute, eta aurten, Kalbaixoko Kristo Deunaren Kofradiarentzat izango dela iragarri du Mutrikuko Udalak: barikuan [martxoak 20] egingo da ekitaldia, 19:00etan , Zabiel Kultur etxean. Zapatuan [otsailak 21], berriz, Mutrikuko Arraun Taldeak berdel errea banatuko du Portuko Moilan, 12:00etatik aurrera.
Datorren astean emango diote jarraipena egitarauari. Martxoaren 24an [martitzena] Asier Iturraldek Gastronomika Mutriku komikia aurkeztuko du Merkatu plazan, 19:00etan, eta ondoren, pintxo bat dastatzeko aukera egongo dela adierazi dute udaletik.
Martxoaren 26an [eguena] berdel pintxopotea eta maridajea egingo dute herriko zenbait tabernetan, 19:00etatik aurrera. Gainera, berdel eta txakolin ezkontza ere egun berean izango da, 19:00etan eta 20:00etan. Bertan, Mikel Garaizabalek, sommelier eta Euskal Herriko ardoaren kulturaren dibulgatzaileak, eta Santi Riosek, Piperren Txokoako sukaldariak, berdelaren eta txakolinaren arteko lotura ezagutzen lagunduko diote herritarrek, dastaketa bidez. Maridajea Arku Gain elkartean izagno da, Kofradia Itsas Etxeak lagunduta, eta Turismo Bulegoan eman beharko da izena aurretiaz, sei euroren truke.
Hurrengo egunean, barikuan [martxoak 27], berriro egingo da pintxopotea herriko zenbait tabernetan, eta 19:00etan, VII. Berdel Txapelketaren finala jokatuko da Muruaitz frontoian, Danok bat elkarteak antolatuta.
Boluntarioak. Antolatzaileek nabarmendu dute boluntarioen lana ezinbestekoa dela jaia aurrera ateratzeko. Horregatik, aurten ere herritarrak animatu dituzte prestaketa lanetan parte hartzera, hala nola arraina garbitzen, pintxoak prestatzen edo zerbitzu lanetan. Boluntario lanetarako prest dagoenak 943 60 33 78 telefono zenbakira deituta edo Turismo Bulegora joanda eman dezake izena.