Goxua Txapelketako finalak giro aparta eta harmaila beteak espero ditu zapatuan
36 bikotek parte hartu duten txapelketak lehen eta bigarren mailako finalak eta ikuskizun bereziak izango ditu.
Goxua Txapelketak amaierara iritsi da eta final handia zapatuan [martxoak 21] jokatuko da, antolatzaileek giro bikaina eta harmailak beteta egongo direla aurreikusita. Hilabete luzez luzatu den lehiaketak parte-hartze handia eta maila altua izan ditu hasieratik.
Txapelketa azaro amaieran hasi zen, eta guztira 36 bikotek hartu dute parte, bi mailatan banatuta: lehen mailan eta bigarren mailan, bakoitzean 18 bikoterekin. Parte-hartzaile bakoitzak bost partida jokatu ditu ligaxkan, eta ondoren kanporaketak etorri dira, final-laurdenak eta finalerdiak jokatu ostean final handira iritsiz.
Finaleko egitaraua ere berezia izango da. Lehenik, bigarren mailako finala jokatuko da, eta ondoren lehen mailakoa. Horrez gain, hirugarren partida modura ikuskizun edo “partidu berezi” bat antolatu dute, non Mikel Goñi pilotari ezagunak parte hartuko duen, txapelketatik kanpoko ekitaldi modura, ikusleei ikuskizuna eskaintzeko asmoz.
Lehen mailan, Mugika eta Iputsek dira faborito nagusiak, azken bi urteetan txapelketa irabazi baitute. Bigarren mailan, ordea, ez dago faborito argirik eta finala oso parekatua izango dela aurreikusten da.
Antolatzaileek oso balorazio positiboa egin dute aurtengo edizioaz: “Urtez urte txapelketa hazten joan da, eta aurten antolakuntzan jende gehiago inplikatu da, klubeko kideez gain beste hainbat lagunek ere laguntza eskaini baitute. Gainera, finalerako giro berezia prestatzen ari gara, taberna gunearekin eta harmaila egokiekin”.
Aurreikuspenen arabera, jendetza handia bilduko da finalean, aurreko urteetan bezala, eta instalazioak lepo betetzea espero da. Goxua Txapelketak, beraz, sendotzen jarraitzen du, parte-hartzean eta giroan hazten ari den ekitaldi gisa.