Zuhaitz landaketa "kolektiboa eta parte hartzailea" egin dute Mutrikun
BSTK Basotik Fundazioak 90 ikasle inguru batu ditu gaur Mutrikun, zuhaitz landaketa kolektiboa herritarren desio, amets eta itxaropenekin uztartuz.
Nazioarteko Basoen astearen harira, BSTK Basotik Fundazioak 90 ikasle inguru batu ditu Gipuzkoako Desioen Basoa ekitaldian. Bertan egon dira baita ere, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatua; Jon Ander Ostolaza Basotik Fundazioko gerentea; eta BSTK Basotik Fundazioarekin elkarlanean dihaduten beste hainbat eragile: basojabea, enpresa eta basogintzako zein erakundeetako ordezkariak.
Zuhaitz landaketa kolektiboaĀ “herritarren desio, amets eta itxaropenekin” uztartu ditu ekitaldiak, “etorkizunari begirako keinu sinboliko eta parte hartzaile batean”. Hala, ikasle bakoitzak haritz bana landatu du: “Lehen pinua zegoen Laranga auzoko lursail horretan, eta orain, bertoko haritzak landatu dituzte ikasleek”. BSTK Basotik Fundazioak landaketa gehiago egin izan arren, ikasleekin egiten duten bigarrena izan da gaurkoa, eta “balio sinboliko handia” duela adierazi dute: “Landatutako zuhaitz bakoitzarekin parte hartzaileek beren desioak ere lurraldearen bihotzean sustraitu dituzte, etorkizun oparoago, berdeago eta partekatuago baten alde”.
11:00etan batu dira Mutrikuko Begiratokian, eta ondoren, parte hartzaileak oinez igo dira landaketa gunera. Bertan, fundazioko kideek azalpenak eman dizkiete ikasleei, eta segituan hasi dira zuhaitz landaketa kolektiboarekin. Amaitzeko, hamaiketakoa jan dute denek batera.Ā
Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak ekimenaren garrantzia nabarmendu du: “Ekimen honek oso modu argian erakusten du basoen etorkizuna zaintzea guztion ardura dela, eta belaunaldi berriak inplikatzea funtsezkoa dela Gipuzkoa berdeagoa, jasangarriagoa eta biziagoa eraikitzeko”.
Bestalde, BSTK Basotik Fundazioak basoen “beharrezkotasuna” azpimarratu du: “Basoak ez dira soilik ondare natural bat, baizik eta lurraldearen etorkizunerako funtsezko espazioak ere badira: biodibertsitatea indartzeko, klima aldaketari aurre egiteko, eta herritarren ongizatea bermatzeko”.Ā