Euskaraz sortutako lanen bilduma eskaintzera dator Laburbiraren XXIII. edizioa
Film laburren zirkuitu ibiltaria da Laburbira eta, urtez urte, "euskaraz sortu eta ekoitzitako lanen bilduma eskaintzen die herritarrei". Busturialdeko eta Lea-Artibaiko herritarrek ikus-entzunezkoen bilduma ikusteko aukera izango dute asteburuan.
Hogeitahiru urte bete dira Laburbira zirkuitu ibiltariak herriz herriko bidaia hasi zuenetik. Edizio honetan ere, ildo beretik jarraitu eta herritarrei euskaraz sortu eta ekoitzitako ikus-etzunezko lanen bilduma eskaintzera dator. Busturialdean eta Lea-Artibain zenbait geldialdi egingo ditu “euskal zinemagintza hauspotzeko” helburuarekin. Taupa Euskaltzaleen Mugimenduaren lanari esker, Laburbirak “zinemagileei beraien filmak erakusteko” bidea zabaltzen die. Aldi berean, herritarrei, “euskaraz sortutako film laburrak” ezaguzteko aukera eskaintzen die.
Hainbat zinema jaialditan saritutako lanek osatuko dute emanaldia. Orotara, 80 minutuko film labur sorta eskainiko dute. Antolakuntzak bilduma osatzen duten film laburren berri eman du: Amaia San Sebastian Larzabalen Olentzerori eskatu nion, Ekaitz Bertizek zuzendutako Erreka zoko hortan, June Asua Olabarriaren Fishy, Elixabet Nuñezen A-Maniki, Aitor Gametxo Zabalaren Geratzen den hori, Ainhoa Urgoitiaren Orain zer? eta Ane Cuestaren Hotzikara. Martxoaren 29ra arte arituko dira bilduma hau herriz herri erakusten.
Antolazaileek gogoz hartu dute aurtengo edizioa. Azken urteetan izandako harrera ona azpimarratu dute, eta lortutako guztiarekin pozik agertu dira: “Bi helburuak sobera bete direla esan dezakegu 23 urteotako ibilbide arrakastatsuan, euskal zinemagintzaren erakusleiho erreferentziala eta kontsolidatutako ekimena da eta, gaur egun, laburbira”. Iazko datuei erreparatuz, datu pozgarriak dira argitara eman dituztenak: Euskal Herri osoko 54 herritan ikusi ahal izan zen 2025ean osatutako film-bilduma”.
Ikus-etzunezkoen sortzaileek ere izango dute zeresana Laburbirako edizio honetan. Herri bakoitzean zuzendari bat izango dute lagun ikusleek, sortze prozesuari, gidoiari eta ekoizpenari buruzko argibideak emateko. Mundakan eta Markina-Xemeinen, adibidez, Ainhoa Urgoitia izango dute bertan, izan ere, emanaldiaren osteako solasaldian parte hartuko du, eta Orain zer? pieza laburraren sorkuntza-prozesuari buruzko bere esperientzia eta gogoetak partekatuko ditu. Etxebarrian Amaia San Sebastianek Olentzerori eskatu nion ikus-entzunezkoaren sortze prozesuaren berri emango die herritarrei.
Laburbiraren egutegia
Aulesti. Bihar, 18:30ean, Areto Nagusian.
Bermeo. Martxoak 24, 19:00etan, Nestor Basterretxea Aretoan.
Etxabarria. Domekan, 18:00etan, Kultur Aretoan.
Markina-Xemein. Domekan, 19:00etan, Esperatnza Aretoan.
Mundaka. Bihar, 19:00etan, Tribisarrospe kultur etxean.