"Euskal Herria munduko mapan jarri dugu, eta mugarri historikoa izan da"
Euskal Herriaren presentzia nazioartean sendotuz, Euskal Selekzioak ardi mozteko Munduko Txapelketan parte hartu du. Joseba Attard taldeburuak esan bezala, "hasieratik esperientzia berezia" izan da eurentzat.
Euskal Herriak lehenengo aldiz parte hartu du ardi mozteko Munduko Txapelketan, eta esperientzia “berezia eta historikoa” izan dela azpimarratu du Joseba Attard taldeburuak. Sei partaidek osatutako selekzioaren buru izan da bedarutarra, eta kontatu duenez, hilabete lehenago joan ziren Zelanda Berrira, lehiaketara egokitzeko eta bertako baldintzak ezagutzeko helburuarekin.
“Hasieratik berezia izan da, lehenengo aldia zelako Euskal Herria ordezkatzen genuena”, azaldu du Attardek. Taldearekin batera, senide eta lagunak ere bertaratu ziren, babes eta animoak emateko, eta horrek are bereziago bihurtu zuen esperientzia.
Prestaketa, ordea, ez zen erraza izan. Herrialde hartako ardiak aurkitzea zaila egin zitzaien, garaia zela eta gehienak jada moztuta baitzeuden. Hala ere, ahal izan zuten neurrian praktikatu zuten, bai makinaz, bai guraizez, eta artilea sailkatzen ere aritu ziren. “Zailtasun handienetakoa izan da praktikatzeko ardiak aurkitzea”, onartu du.
Behin lehiaketan murgilduta, maila oso altua aurkitu zuten: “Guk hemen ondo egiten dugula pentsatzen dugu, baina han beste maila batean daude”. Beste herrialdeetako lehiakideek abiadura eta zehaztasun handiz lan egiten dutela nabarmendu du, eta esperientziak asko ikasteko balio izan diela ere bai.
Bestalde, ardi moten arteko desberdintasunak ere nabaritu zituzten. Euskal Herrian ohikoak diren ardiek ez daukate zerikusirik Zelanda Berrikoekin, “horiek borobilagoak eta indartsuagoak baitira”. Horrek teknika eta posizioa egokitzea eskatzen du, eta, horrenbestez, egokitze prozesu bat behar izan zuten.
27 herrialde
Txapelketan 27 herrialdek parte hartu dute, baina horietatik gutxi batzuek soilik aurkeztu dute talde osoa. Euskal Herriak, ordea, ordezkaritza osoa eraman du bere estreinaldian: bi moztaile makinaz aritzeko, beste bi guraizeekin aritzeko eta bi artilari. “Horrek ere balio handia dauka, lehenengo aldia izateko”, azpimarratu du Attardek. Mikel Etxebarria dimoztarra eta Joseba Ugalde lezamarra makinazko mozketan aritu ziren, Ipar Arrinda lekeitiarra eta Josu Etxeiza ibirikuarra guraizeekin eta Mikel Belasko eta Janire Artabe arrasaterra eta dimoztarra, berriz, artilari lanetan.
Munduko Txapelketa martxoaren 4tik 7ra bitartean jokatu zuten, eta “erritmo bizikoa” izan zen. Euskal ordezkariek ez zuten finaletara iristea lortu, baina aurretiko jardunaldietan parte hartu zuten, esperientziaz eta ikasketaz betetako egunak biziz.

Baina lorpenik handiena ez da izan soilik lehiaketan parte hartzea. Izan ere, Ardi Mozteko Nazioarteko Kontseiluan kide gisa onartua dute Euskal Herria. “Mugarri historikoa da, lehen aldiz ordezkaritza ofiziala daukagulako mundu mailako egitura batean; Euskal Herria munduko mapan jarri dugu”, nabarmendu du Bedaronakoak.
Esperientziak nazioarteko harremanak sendotzeko ere balio izan die. Gales, Eskoziako, Irlandako eta Frantziako taldekoekin harremanak egin dituzte, eta etorkizunera begira, “aukera berriak zabaldu” zaizkie, bai lehiaketetan, bai antolakuntzan.
Erronka berriak

Etorkizunari begira, erronka nagusietako bat gazteak erakartzea da. Attardek azaldu bezala, beste herrialde batzuetan gazteak oso goiz hasten dira ardiak mozten, baina Euskal Herrian belaunaldi erreleboa falta da: “Gure artean gazteenak 28 urte ditu; hor atzeratuta gaude”.
Hurrengo hitzordua dagoeneko begiz jota daukate: hiru urte barru Australian jokatuko den Munduko Txapelketa. Bertan, beste ardi mota batzuekin lehiatu beharko dute, eta horrek prestaketa espezifikoa eskatuko die. Horregatik, Frantziako eta Espainiako zenbait puntutara hurbilduko dira ardi berezi horiek mozten trebatzeko.
Hala ere, argi dauka ofizio horrek etorkizuna badaukala: “Lanbide bat da, baina kirol osagaia ere badu. Eta mundua ezagutzeko aukera ematen du”. Horregatik, gazteei mundu horretan murgiltzera animatzeko deia egin die, prestakuntza eta aukerak eskainiz. Generoari dagokionez, berdintasuna nabarmendu du. Nahiz eta euskal taldean emakume bakarra izan, mundu mailan emakume asko ari dira ardi mozten, eta askok maila oso altua daukatela adierazi du bedarutarrak: “Teknika da gakoa, ez indarra”.
Bien bitartean, lanean jarraituko dute, lehiaketetan eta prestakuntzan, “baita ardi moztearen mundua gizarteratzen ere”. Esan dute interesa daukan orok informazio gehiago aurkitu dezakeela moztaileak.eus webgunean, baita taldearekin harremanetan jarri ere.
Helburua argia da: Euskal Herria munduan kokatzea eta ofizio honi dagokion aitortza ematea.