Itsasoa eta mendia lotzen dituen Kalbaixoko Kristo Deunaren Kofradiaren lana goraipatu dute 24. Berdel Aipamenean
Baserritar eta marinelek osatzen dute kofradia, eta bi biek elkartuta egiten duten lana saritu du Mutrikuko Udalak. "Aho batez" hartu du erabakia Garapen Batzordeak, eta urte guztian egiten duten lanarengatik zoriondu dituzte kofradiako kideak.
Kalbaixoko Kristo Deunaren kofradia, aipamena jasotzen. Berdel Eguna martxoaren 28an ospatuko den arren, aurretik ere egoten da zer egina Mutrikun. Horietako bat izaten da Mutrikuko Udalak urtero banatzen duen Berdel Aipamenaren ekitaldia, eta atzo [martxoak 20] ospatu zuten aipamenaren 24. ekitaldia Zabiel Kultur Etxean. Aurtengoan, Kalbaixoko Kristo Deunaren Kofradiaren jarduna goraipatu dute.
Kofradiako kideek Inhar Mutiozabal eta Aitor Itza udaleko ordezkarien eskutik jaso zuten aipamena: “Mutriku atzerrian zabaltzen duten talde edo pertsonak goraipatu nahi izaten ditugu sari honekin, baina baita Mutriku eta mutrikuarrenzat lanean aritzen direnak ere, eta horregatik, 2026ko Berdel Aipamena Kalbaixoko Kofradiari ematea erabaki dugu”. Hain zuzen ere, erabakia “aho batez” hartu zuten Garapen Batzordean, kofradiako kideek egiten duten lana goraipatu nahian: “Kalbaixoko Kofradia baserritarrek eta marinelek osatzen dute, eta hau garrantzitsua da Mutrikurentzat; ez dugu ahaztu behar nondik gatozen eta Mutriku zer den. Biak elkartu, eta oso lan p0lita egiten dute herriarengatik”.
Hala, Itzak gogorarazi zuenez, kofradiaren lana ez da soilik Galbaixoko ermitara mugatzen: “Zorionak eman nahi dizkiogu Kalbaixoko Kofradiari egiten duen lanarengatik, eta ez bakarrik ermita inguruan egiten dutenarengatik, baita urte guztian egiten duten lanarengatik ere”. Ekintza horien artean aipatu zituzten Itza zein Mutiozabalek Galbaixoko jaiak, Aste Santuetan egiten dituzten ekintzak nahiz ermita herritarrentzat prest egoteko egiten duten lana: “Galbaixo denontzat da erreferentzia, eta mendia eta itsasoa lotzen ditu. Jaiak, esaterako, ermita ingurua hasi eta portuan amaitzen dira, eta lanketa horretan kofradiak eta jai batzordeak urteetan ezinbesteko lana egin dute. Bai jaiak antolatzen eta baita gure kultura eta gure ohiturak zabaltzen eta herritarrei eskaintzen ere”.
Aipamenarekin batera, zenbait izen aipatu nahi izan zituzten udal ordezkariek. Alde batetik, Jose Manuel Arruti Gaztañei-k egindako lana goraipatu nahi izan zuten: “Urte luzez Kalbaixoko Kofradiako presidentea izan zen. Baserritarra bera, eta makina bat lan egin du Galbaixo inguruan; mutrikuarra, mutrikuarrontzat eta Mutrikurentzako lanean”. Arrutiren lekukoa Fran Arreitunandiak hartu zuen, eta haren lana ere gogora ekarri zuen Itzak: “Tamalez, denbora gutxi egon zen presidentetzan. Fran Berdel Eguneko eragile eta bultzatzaile handi eta oso garrantzitsua izan zen”. Azkenik, gaur egungo presidenteari eman zizkieten eskerrak egiten duten lanagatik, Mari Karmen Ibiri-ri.
Txalo zaparra artean jaso zuten kofradiako kideek aipamena: “Ilusioa egin digu aipamena jasotzeak, eta oso eskertuta gaude”. Hala, Itzak kofradiak egiten duen lana eskertu, eta Berdel Egunean lanean aritzen diren boluntarioak goraipatuz amaitu zuten ekitaldia: “Eskerrik asko kofradiari eta urtero Berdel Egunean lanean aritzen zareten denoi. Berdel Eguna ez litzateke posible izango boluntariorik gabe”.
Marinelen gidari. Galbaixoko ermitak mutrikuarrentzat duen, eta historian zehar eduki duen, garrantziaren inguruan ere aritu ziren ekitaldian: “Gauero egoten da piztuta Galbaixoko ermitako argia. Landa gunean dago Galbaixo, eta ermitako argiak erakusten die Mutrikuko marinelei zein bide hartu behar duten herrira itzultzeko. Itsaso txarretan arrantzaleak etxerako bidean zetozela, gaueko isiltasunean eta olatu artean, Galbaixoko ermitako argia ikusten zutenean ‘han, Kristo Galbaixokoaren argia’ esaten omen zuten itsasontziko marinel zaharrek. Hori da Mutriku: landa gunea eta itsasoa. Eta, horra hor ze garrantzia daukan Galbaixok herriarentzat”.