'Arrazakeria ez da eztabaidatzen, borrokatzen baizik' lelopean elkartu dira Ondarroan
Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira Ondarroako adingabeen zentroko gazteek elkarretaratzea antolatu zuten zapatuan [martxoak 21].
Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean [martxoak 21] Ondarroako adingabeen zentroko gazteek elkarretaratzea deitu zuten Alamedan, Arrazakeria ez da eztabaidatzen, borrokatzen baizik lelopean. Herritar “ugari” batu ziren bertan, eta antolatzaileek egunerokoan jasaten dituzten “egoera eta jarrerak” salatu zituzten, “nahikoa dela” ozen adieraziz.
“Ez ditugu gehiago jasan nahi begirada horiek, alde batera uzte horiek, edo gutxietsiak sentiarazten gaituzten hitz eta jarrerak. Guk ere herri honen parte sentitu nahi dugu. Elkarrekin bizi, eta elkarrekin herri hobe, aberatsago eta bidezkoago bat eraiki”, nabarmendu zuten.
Eguneroko borroka “beharrezkoa” dela azpimarratu zuten, eta zapatuan Alamedan elkartzea “aurrerapausoa” zela azaldu zuten: “Zoritxarrez eguneroko borrokatu behar dugun borra da oraindik, baina denok hemen egotea aurrerapausoa eman dugunaren seinalea ere bada, gure ostean etorriko diren ume, gazte zein pertsona orori bidea erraztea baino ez dugu nahi, denon artean, pausoz pauso gizarte duinago bat eraikiz”.
Bertaratutako guztiei eskerrak emanez amaitu zuten elkarretaratzea, eta txalo zaparradaz erantzun zuten elkarretaratzera joan zirenek: “Gustatuko litzaiguke eskerrak ematea gaur gurekin arrazakeriaren kontra aldarrikatzeko asmoarekin hurbildu zareten guztioi, eta baita Ondarroako Udalari zein Gazte Asanbladari ere, lehenengo momentutik gure proposamena esku zabalik hartu eta forma ematen laguntzeagatik. Horrez gain, eskerrik asko bihotzez, Ondarroa etxe bat bezala sentitzeko ahalegina egin duzuen guztioi, laguntza behar izan dugunean eskua luzatu diguzuenoi eta mehatxu horien aurrean lepoa eman beharrean ahotsak batu eta gurekin borrokatzen duzuenoi”. Hala, Ondarroako esaera batekin eman zioten amaiera elkarretaratzeari: “Ondarroan esaten den bezala: Aurrera bolie!”.