Goxua Txapelketako finalak harmailak bete eta txapeldun berriak utzi ditu
Anitua-Arrieta nagusitu dira bigarren mailan eta Txirloi-Urizar lehen mailako txapela eskuratu dute giro apartarekin jokatutako finalean.
Goxua Txapelketak amaiera bikaina izan du zapatuan [martxoak 21] jokatutako final handian, “aurreikuspen guztiak betez eta harmailak lepo beteta”. Giro aparta nagusitu da hasieratik bukaerara arte, eta pilotazaleek ez dute hutsik egin hitzordu garrantzitsuan.
Lehenik, bigarren mailako finala jokatu zen, eta Anitua-Arrieta bikoteak erakustaldi sendoa egin zuen. Hasieratik nagusi izan ziren eta 18 eta 9 irabazi zieten Adorrixa-Gandixa bikoteari, “merezitako garaipena” eskuratuz.
Ondoren etorri zen lehen mailako final ikusgarria. Txirloi-Urizar bikoteak 18 eta 13 menderatu zuen Esnaola-Mujika, une erabakigarrietan sendoago arituta. Garaipen honekin, azken urteetako txapeldunak gainditu eta txapela eskuratu zuten.
Finalak, gainera, ikuskizun berezia ere izan zuen, giroa borobiltzeko eta ikusleei pilotaz haragoko une bereziak eskaintzeko. Antolatzaileek oso balorazio positiboa egin dute aurtengo edizioaz, parte hartze handia eta finaleko giro bikaina azpimarratuz. Goxua Txapelketak, beste behin ere, hazten jarraitzen duen ekitaldia dela erakutsi du.