Trinkete txapelketako finalean Lander-Egaña eta Latxi-Arrillaga nagusitu dira
Final "ikusgarriak" izan dira beteranoen mailan eta emozioa azken tantora arte iraun du.
Domekan [martxoak 22] jokatu zen beteranoen trinkete txapelketako finalak “giro bikainarekin eta maila handiko partidekin”. Lehenengo norgehiagokan, Master 40 mailako hirugarren eta laugarren postua erabaki zen. Lander eta Egaña bikoteak 30 eta 12 irabazi zieten Apezetxea eta Aitzoli. Hasieran partida orekatua izan bazen ere, 3-3 eta 8-6ko markagailuekin, Landerrek aurrean erakutsitako nagusitasunak eta Egañaren atzeko sendotasunak garaipena erraztu zuten. Horrela, iazko txapeldunek hirugarren postua eskuratu zuten.
Ondoren, Master 60 mailako finalak ikusmin handia piztu zuen. Jauna eta Foster 30 eta 20 nagusitu ziren Asti eta Berazaren aurka. Hasieran 3-0 aurreratu ziren ere, aurkariek 14-14ko berdinketa lortu zuten. Hala ere, Jaunarena izan zen partidako jokalaririk onena, eta bere jokoari esker 21-16ko abantaila hartu zuten. Astik sakean egindako lan bikainari esker gerturatu ziren (23-20), baina une erabakigarrian egindako akatsek eta Fosterren sendotasunak garaipena erabaki zuten. Azken zazpi tantoak jarraian eginda, txapela eskuratu arte. Azpimarratzekoa da final honetako jokalarien adina, gazteenak 64 urte eta nagusienak 72 izanik, maila bikaina erakutsi baitute.
Azkenik, Master 40 mailako final nagusian, Latxi eta Arrillaga izan ziren txapeldun, 30 eta 19 irabazita Rober eta Telleriaren aurka. Hasieran galtzaileak hobeto hasi ziren (0-4), baina neurketa oso parekatua izan ziren, 7-7ra arte. Telleriak eta Roberrek 9-15 aurreratzea lortu zuten, baina irabazleek 16-16 berdindu eta une erabakigarrian partida hautsi zuten. Telleriaren dejada batek 17-16koa ekarri zuen, eta hortik aurrera Latxi eta Arrillaga nagusitu ziren. Arrillagak, lehen aldiz trinketean arituta, “maila bikaina eman du”, eta Latxiren sake indartsuak giltzarri izan ziren.
Amaieran, Latxi eta Arrillaga izan dira aurtengo Master 40ko txapeldunak, 42 eta 72 urteko jokalariekin osatutako bikoteak esperientzia eta kalitatea uztartuz. Gainera, Latxik txapelketako otzara saria ere eskuratu du, egun borobila osatuz. Jardunaldia “giro ederrean” amaituzen, Trinkete tabernak eskainitako hamaiketakoarekin.