Trinkete txapelketaren finalean Jaunarena-Foster eta Latxi-Arrillaga nagusitu dira
Final "ikusgarriak" izan dira beteranoen txapelketan, eta emozioa azken tantora arte iraun du.
Finaleko partaide, babesle eta laguntzaileak. Argazkia: Akarregi Pilota Elkartea Lekeitioko Beteranoen Trinkete Txapelketaren finalak jokatu zituzten herenegun, «giro bikainarekin eta maila handiko jokaldiekin». Jaunarena-Foster eta Latxi-Arrillaga bikoteak izan dira aurtengo txapeldunak, zein bere kategorian
Master 60 mailako finalak ikusmin handia piztu zuen. Jaunarena eta Foster 30 eta 20 nagusitu zitzaizkien Asti eta Berazari. Hasieran, 3 eta 0 aurreratu baziren ere, aurkariek hamalauko berdinketa lortu zuten. Jaunarena izan zen partidako jokalaririk onena, eta bere jokoari esker, bost tantoko abantaila (21-16) hartu zuten. Astik sakean egindako lan bikainari esker, gerturatu ziren (23-20), baina une erabakigarrian egindako akatsek eta Fosterren sendotasunak finala erabaki zuten. Azken zazpi tantoak jarraian eginda, txapela eskuratu zuten Jaunarenak eta Fosterrek.
Master 40 mailakoen finalari dagokionez, Latxik eta Arrillagak 30 eta 19 irabazi zieten Rober eta Telleriari. Horiek hobeto hasi ziren (0-4), eta zazpina berdindu arte, jokoa oso parekatua izan zen. Gero, Telleriak eta Roberrek 9 eta 15 aurreratzea lortu zuten, baina aukariek hamaseira berdindu, eta une erabakigarrian partida hautsi zuten. Telleriaren dejada batek 17 eta 16koa ezarri zuen, eta hortik aurrera, Latxi eta Arrillaga nagusitu ziren: «42 urteko elantxobetarrak eta 72 urteko elgoibartarrak osatutako bikoteak esperientzia eta kalitatea uztartuz ditu. Gainera, Latxik txapelketako otzara saria ere eskuratu zuen».

Finalen aurretik, Master 40 mailako hirugarren eta laugarren postuak erabaki ziren. Lander eta Egañak 30 eta 12 irabazi zieten Apezetxea eta Aitzoli. Hasieran partida orekatua izan bazen ere, Landerrek aurrean erakutsitako nagusitasuna eta Egañaren atzeko sendotasuna erabakigarriak izan ziren, eta horrela, iazko txapeldunek hirugarren postua eskuratu zuten.