"Emakumeen txirrindularitzak erronka handiak ditu oraindik"
Asteburu honetan jokatuko den Lea-Artibai Txallengearen atarian Eneritz Iturriagaetxebarriak emakumeen txirrindularitzaren erronkak azaldu ditu eta Laida Alzolak ilusioz biziko du proba.
Asteburu honetan jokatuko den Lea-Artibai Txallengea emakumeen txirrindularitzaren egutegiko hitzordu garrantzitsuetako bat bihurtu da. Parte-hartzaile kopuruak gorantz jarraitzen du, eta aurten 200etik gora txirrindulari espero dira Euskal Autonomia Erkidegotik ez ezik Nafarroa, Asturias, Kantabria, Katalunia, Extremadura, Salamanca edo Murtziatik etorrita ere. Antolatzaileek azaldu dutenez, probaren formatua sendotzen ari da eta “300 parte-hartzailera iristeko bidean dagoen ekitaldia” dela nabarmendu dute.
Txapelketaren aitzakiarekin, emakumeen txirrindularitzaren egoeraz hitz egin dute Eneritz Iturriagaetxebarria txirrindulari ohi eta talde arduradunak eta Laida Alzola parte-hartzaile gazteak. Biek adostasun batean egin dute bat: aurrerapausoak egon badira ere, oraindik bide luzea dago egiteko.
Eneritz Iturriagaetxebarriaren ustez, azken urteotan hobekuntzak egon dira, baina askotan irudikatzen dena baino mugatuagoak dira. “Ni lasterketan ari nintzenean bost profesional ginen Espainian, eta gaur egun hamabost dira. Hobekuntza badago, baina ez da esaten den bezain handia”, azaldu du. Bere ustez, arazo nagusietako bat egiturazkoa da: talde profesional gutxi daude eta babes ekonomikoa ere mugatua da. “Bi talde profesional besterik ez daude Espainian. Horrek asko baldintzatzen du kirolarien bidea”, gaineratu du.
Bestalde, gazte mailatik goi mailara igarotzea dela erronka handienetako bat azpimarratu du. Kadete eta junior mailan talde eta parte-hartzaile dezente badauden arren, askok utzi egiten dute 17 edo 18 urterekin. “Unibertsitatearekin edo ikasketekin uztartzea zaila da, eta maila profesionalera iristeko tartean lau edo bost maila daude”, adierazi du. Horrek presio handia eragiten duela uste du: “Kategoria baxuetan dena irabazten zenuen, baina gorago igotzean ez da hain erraza eta hori psikologikoki kudeatzea zaila izan daiteke”.
Proben faltak ere eragina duela nabarmendu du. “Euskal Herrian hamar lasterketa inguru daude emakumeentzat. Ni gaztea nintzenean gehiago ere bazeuden. Horregatik, Lea-Artibai Txallengea bezalako probek balio handia dute”, esan du.
Horixe bera azpimarratu du Laida Alzola txirrindulari gazteak ere. Zarauzko talde batean lehiatzen den arren, bizkaitarra da eta ilusio berezia egiten dio eskualdean korritzeak. “Etxetik gertu egiten den karrera da eta gainera maila handikoa. Horrek ilusio berezia ematen du”, azaldu du.
Alzolak txikitatik izan du txirrindularitza inguruan, familiaren eraginez. “Gurasoak eta familiako beste batzuk beti egon dira mundu honetan, eta txikitatik ibili naiz lasterketetan”, kontatu du. Hala ere, bere helburua ez da soilik emaitzetan pentsatzea. “Postu on bat lortzea ondo legoke, baina nire helburua disfrutatu eta esperientziaz gozatzea da”, dio.
Gazteen artean emakumeen txirrindularitza gero eta gehiago ikusten dela uste du, baina egiturazko arazoek jarraitzen dutela ere onartu du. “Kadetetan eta juniorretan gero eta neska gehiago ikusten dira, baina gero ekipo gutxi daude eta babes ekonomikoa ere mugatua da”, azaldu du. Hala ere, ikuspegi baikorra mantentzen du: “Nik uste dut pixkanaka aurrera pausoak ematen ari garela”.
Eskualde mailan ere hutsune bat ikusten du. Bizkaian eta inguruko eskualdeetan neska gutxi aritzen dira txirrindularitzan, eta horrek taldeak sortzea zailtzen du. “Batzuetan hiru edo lau txirrindulari besterik ez gara eskualde osoan”, dio. Horregatik, eskoletatik bultzada handiagoa ematea garrantzitsua dela uste du.
Bi txirrindulariek argi dute tokiko probek garrantzi handia dutela. Iturriagaetxebarriaren ustez, “karrerak gertu edukitzeak motibazioa ematen die gazteei”, eta horregatik balio handia dute antolakuntzak egiten dituen ahaleginek.
Hiru eguneko egitaraua Lea-Artibain
Lea-Artibai Txallengea hiru egunetan jokatuko da eta eskualdeko hainbat herri izango ditu protagonista.
Lehen etapa barikuan [martxoak 27] izango da Lekeition, Lekeitio Sarian. Kadeteen lasterketa 17:00etan hasiko da eta junior eta open kategoriakoa 18:00etan.
Bigarren eguna zapatuan [martxoak 28] jokatuko da Berriatua inguruan, Berriatuako Sarian. Kasu honetan kadeteak 09:45ean abiatuko dira, eta junior eta open kategoriako txirrindulariak 11:30ean.
Txallengea domekan [martxoak 29] amaituko da Markina-Xemeinen, Markina-Xemein Sarian. Kadeteek 09:30ean hasiko dute etapa eta junior eta open kategoriakoek 11:15ean.
Antolatzaileek azaldu dutenez, ibilbideak ikusleentzat erakargarriak izango dira eta hainbat puntutan txirrindulariak behin baino gehiagotan ikusteko aukera egongo da. Parte-hartze datuak ikusita, antolatzaileak pozik daude. “Formatuak funtzionatzen duela ikusten ari gara”, azaldu dute, eta ikusleei ere gonbita luzatu diete bide bazterretara gerturatzeko.
Eneritz Iturriagaetxebarriak argi dauka halako ekitaldiek duten garrantzia. “Txirrindularitzak ematen dituen balioak bizitza osorako dira”, dio. Eta Laida Alzolak ere antzeko mezua bidali die gazteei: “Hasieran zaila dirudi, baina kirol zoragarria da. Pedalak ematen hasten zarenean, benetan disfrutatzen hasten zara”.