Erika Mugartegi eta Frida Watkins: zesta-puntaren udaberria
Erika Mugartegik eta Frida Watkinsek Euskotren Winter Seriesa irabazi dute. Mugartegiren hirugarren txapela da: jokatu dituen final denak irabazi ditu. Gizonekoen lehian, Aritz Erkiaga eta Gorka Mugartegi ‘Atain’ izan dira txapeldunak.
Argazkia: Eraman Jai Alai. Akabo emakumezkoen zesta-punta txapelketarik handienaren laugarren aldia. Gogoangarria eta borrokatua izan da, beste behin, Euskotren Winter Series; gogoangarria, lau astelehenez Durangoko Ezkurdi pilotalekuak hartu duen goi mailako ikuskizuna. Zeresana egon da jardunaldi bakoitzean, eta zeresana izan zuen atzoko [martxoak 23] final handiak. Zati bi eduki zituen partidua jokatutan, Erika Mugartegik eta Frida Watkinsek irabazi zuten txapelketa. Zumaiarrak bere estreinako txapela jantzi du Durangon; markina-xemeindarrak, ostera, bere kirol ibilbideko hirugarrena lortu zuen, alegia, jokatu dituen denak irabazi ditu.
Garaileek material bizia baliatu behar izan zuten etxeko izar Helena Barrenetxearen eta egungo atzelaririk fidagarriena dela berretsi zuen Arai Lejardi markina-xemeindarraren aurkako finalean. Pilota motela kantxaratu zen orotan, hain zuzen, Mugartegiri gogotik sufritzea tokatu zitzaion. Lehen setean, piloteoak ugazaba bakarra eduki zuen: Mugartegi. Gainera, hari bere bikotekidearen ekina batu zitzaion; Watkins nagusi azaldu zen ezker horman, eta bera izan zen tanto gehien biribildu zituena. Lehen txanpa berdindu samarra (bana, bina, hiruna, bosna eta seina egotera iritsi ziren) izanagatik ere, seiko berdinketatik aurreran, bikote moreak urrats bat aurrera egin zuen. Durangarra jokotik aterata, tantoek beren bidea egin zuten, eta Mugartegi-Watkins binomioak 15 eta 8 irabazi zuen lehen seta.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Bigarren seta abian ipintzearekin batera, partiduaren noranzkoa errotik eraldatu zen. Urdinek pilota berria kantxaratu zuten, eta hura atzera nahieran kargatu. Wakinsek komeriak izan zituen atzealdeko koadroetan, eta Mugartegik ezin izan zion inongo laguntzarik eman. Jokoa kontrolpean, Barrenetxeak eta Lejardik tanto luzeak eta fisikoak plazaratu zituzten. Aipagarria izan zen Lejardiren ausardia: 2 eta 6koa atzetik aurrera doi-doi eginiko horma biko batekin biribildu zuen. Atsedenaldiaren ostean, 3 eta 9 aurrea hartuta zegoen bikote urdina. Ordutik set bukaera bitarte, tantoak zailtasun handiegirik gabe bukatu baino ez zuten egin behar izan: 4 eta 10ekoa lortu zuten lehenik, eta seta 4 eta 15eko markagailuarekin poltsikoratu zuten ondoren.
Berdinketa haustea ireki-irekia izan zen, bikote bakoitz bi setetako batean argi eta garbi gehiago izan baitzen. Mugartegi giltzarri izan zen, pilota bizituarekin jokoan sartzea lortu zuen bakoitzero. Lehen tantoan, Lejardi herrikidea jokoz kanpo harrapatu zuen Mugartegik, eta jarraian bigarrena ere erraztasun agerikoarekin egin zuen, pilota atzeko paretera errebesez jaurtita. Urdinek aldeak apaltzea lortu zuten, baina markina-xemeindar aurrelaria arduratu zen 3 eta 1ekoa zukutu zion markagailuari. Laugarren tantoa ere eskura eduki zuen, baina hutsegite batek galarazi zion. Hirugarren seta Mugartegik eskumarekin goitik behera egindako erremateak eta Watkinsek ezker horman baztertuta biribildutakoak zarratu zuten. Mugartegik eta Watkinsek, partiduaren azken zatian, ez zuten inongo areriorik izan, eta erabateko merezimenduz jantzi zituzten txapelak.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Edozelan ere, irabazleek finalaren “gogortasuna” azpimarratu zuten, xistera erantzi bezain pronto. Mugartegik hirugarren setean edukitako odol hotza nabarmendu zuen: “Bigarren seta argi eta garbi galdu ondoren, hirugarrena ez dugu modurik onenean abiatu; dena dela, lehen tanto biak geureak izatea lortu dugu, eta horrek buru aldetik sendo eta hotz eusteko balio izan digu”. Durangon lehen txapelketa nagusia irabazita, Watkinsek adierazi zuen bere lehen txapela “ordura arteko borroka, esfortzu eta lehia askoren emaitza” dela.
Neba ere, txapeldun.
Mugartegitarren etxean egon zen motiborik ospakizunerako. Izan ere, Erikaren neba nagusiak, Gorka Mugartegi Atain-ek, Aritz Erkiaga ispastertarrarekin batera txapela irabazi zuen, Jai Alai Ligan jokatu duen estreinakoa. Beteranoarentzat, urteko bigarren garaipena izan zen, Berriatuko Master Seriesaren ostean.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Erritmoa izan zen gizonezkoen finalaren gakoa. Eñaut Urreisti mutrikuarra eta Unai Lekerika gernika-lumotarra aurkariei partidua aldapa gora ipintzeko asmoz kantxaratu ziren, eta lortu zuten 2 eta 6 aurreratzea. Atsedenaldira iritsi zirenerako, baina, Erkiagak eta Mugartegik neurketa berdindu zuten, tanto piloteatuak landuz. Azkenean, behetik gora eginez, ispastertarrak eta markina-xemeindarrak 15 eta 11 eskuratu zuten lehen seta. Bigarrena ere berdindua izan zen eta, azken zatian maila koska bat igonda, Urreistik eta Lekerikak ozta-ozta, 13 eta 15, nagusitzea lortu zuten. Berdinketa haustean, edozelan ere, ez zuten inolaz ere bigarren seteko mailarik bistaratu: 5 eta 1 irabazi zuten seta Erkiagak eta Mugartegik.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Debutari gaztea eskarmentudunen mahaian edukitako oturuntzaz mintzatu zen, kantxatik atera berritan: “Banekien maila bereziki handia izango zela, baina sentsazio onak eduki ditut. Bigarren setean, ezohiko hutsegiteekin, kostatu zait partiduari eustea, baina azkenean lortu dut”. Ispastertarrak aitortu zuen bere bikotekidea moduko gazteen gorakada “zesta-puntarentzako ona baina beteranoontzako txarra” dela. Eusko Label Winter Seriesean lortu ezin izan zituen puntuak bestelako plazetan biltzen ari da: “Azken hilabeteetan ez ditut sentsaziorik onak eduki, baina badirudi nire benetako jokoa topatzen ari naizela”.