Korrika hasi orduko azken beroketa orduak
24. Korrika Zuberoatik Bizkaira, ekialdetik mendebaldera, bidea egiten ari da, eta herritarrek denetariko jarduerak prestatu dituzte egunotarako. Gaztetxoenek beraien Korrika Txikiak edukiko dituzte han-hemen. Mutrikuk hartuko du Korrika lehenik; Lea-Artibai zeharkatu ondoren, Ispastertik agurtuko dute herritarrek.
Euskal Irratiek eroan dute lekukoa lehenengo metroetanAEK 24. Korrika bihartik [martxoak 25] etzira [martxoak 26] bitartean igaroko da Mutrikutik, Lea-Artibaitik eta Busturialdetik, baina herritarrak duela hainbat egunetatik une gogoangarrirako gogotsu prestatzen ibili dira, eta egunotan euskararen maratoi erraldoiaz bete-betean gozatzeko jardueraz osatutako egitarauak atondu dituzte, eskualdeon luze-zabalean.
Korrikarekin hankak lasterka eta ahotsak aldarrika ipini orduko, gaztetxoenak izango dira biharko protagonista nagusiak. Izan ere, hainbat eta hainbat dira Korrika Txikiak antolatu dituzten eragile nahiz taldeak; beste behin, hainbat txoko eta kale girotuko dituzte gaztetxoenei zuzendutako euskararen aldeko lasterketa herrikoi horiek. Tailerrak izango dira beste protagonistak. Korrikarako petoak eta pankartak egitea izango da, alde horretatik, saioen egiteko nagusia. Aulestin, antolatzaileek aurreratu dute herritarrek beren kartoizko tutuak eroan beharko dituztela.
Itxaronaldi orduei aurre egiteko, taldean afaria jango dute hainbat lekutan, Korrikaren iritsiera baino lehen; beste hainbestetan, txokolate janaldi herrikoian edota, munitibartarren kasuan, talo janean bilduko dira. Hori bai, talo barrukoak herritarrek etxetik eraman beharko dituztela iragarri dute. Mokaduak iraun bitartean, berba-lagunen saioa ere egongo da.
Mutrikun, barikura [martxoak 27] arte luzatuko da euskararen ospakizun grina: 18:30ean hasita, Gazteak eta euskara solasaldia prestatu dute, gaztetxean. Antolatzaileek aurreratu dutenaren arabera, egoera soziolinguistiko desberdinetan bizi diren gazteek emango dute berbaldia. Bestalde, jarduerez eurez gain, batasunerako deialdia usain daiteke egunotan. Izan ere, udal, eragile talde zein elkarteek dagokien puntu kilometrikora taldean joateko deia egin diete herritarrei. Amorotarrek, adibidez, Trakamailetik Epermendiko gasolindegira artean elkartzeko deia dute; ondarrutarrak Katetxe paretik abiatuko dira korrikalariak. Ez hori bakarrik: gazte kilometroetara batzeko aldarria ere nabari da, han eta hemen.
EGITARAUA
BIHAR
Amoroto.
23:55. Korrikara elkarrekin joateko deia, Trakamail ingurutik Epermendi gasolindegira.
Aulesti.
15:00-16:00. Korrika Txikia, eskolatik plazara eta buelta.
20:30. Pantaila, plazan, Korrika Lea-Artibain sartzen den unea ikusteko.
21:30. Bingo musikatua eta Egin Zure Lekukoa tailerra.
22:15. Beroketa jolasak.
Markina-Xemein.
11:00. Korrika Txikia.
18:30. Txokolate jana.
19:00. Erromeria: Mirari Azkune eta Gorka Valdes.
Munitibar.
11:00. Korrika Txikia Gerrikaiztik, eskolak antolatuta.
18:00. Aurpegi margotze saioa.
19:00. Talo tailerra. Talo barrukoa norberaren aldetik.
Bitartean. Berba-lagunen saioa.
Ostean. Karaokea.
22:00. Korrikara joateko deia.
Mutriku.
15:30. Korrika Txikia, herritik.
20:03. Gazte kilometrora batzeko deia, gaztetxetik.
Lekeitio.
10:45. Korrika Txikia, Uribarren Abaroa egoitza aurretik.
18:00. Txokolate jana eta Imanol Ituiño magoa, Atean.
19:30. Aittitta Makurra txarangarekin pintxopotea.
Ondarroa.
17:00. Korrika Txikia, Kamiñazpitik Alamedara.
20:18. Korrikara elkarrekin, Katetxe parean.
BARIKUA, MARTXOAK 27
Mutriku.
18:30. Gazteak eta euskara solasaldia, gaztetxean.