'Kresala' kontzertuak kostaldeko hiru abesbatza elkartuko ditu Ondarroan
Bermeo, Lekeitio eta Ondarroako abesbatzek emanaldia eskainiko dute zapatuan [martxoak 28] Ondarroako Andra Mari elizan.
Kostaldeko hiru herrietako abesbatzek Kresala kontzertua eskainiko dute zapatuan [martxoak 28] Ondarroako Andra Mari elizan. Bermeoko Abesbatza, Lekeitioko Kilin Kala eta Ondarroako Kantaize abesbatzek elkarlanean antolatutako emanaldia 20:00etan hasiko da, eta “askotariko” errepertorioa eskainiko dute, amaieran pieza bateratu batekin.
Bermeoko eta Lekeitioko abesbatzen ekimenez sortu zen Kresala, eta Ondarroako Kantaize abesbatzak ere bat egin zuen proiektuagaz. Iaz Bermeon egin zuten lehen kontzertua, eta asmoa urtero herri ezberdin batean errepikatzea da; datorren urtean, Lekeition izango dute hitzordua.
Kontzertuan, abesbatza bakoitzak lau edo bost kantu eskainiko ditu, eta amaieran hirurek batera abestuko dute azken abestia, “oraingoz, sekretuan mantenduko dugu, ikusleei sorpresa emateko”. Guztira, 140 abeslari inguru batuko dira oholtza gainean: 30 inguru Bermeotik, 80 baino gehiago Lekeitiotik eta beste 30 inguru Ondarroatik.
Hala, Bermeoko Abesbatzak emango dio hasiera emanaldiari, Karmele Barrena Santamariaren zuzendaritzapean. Besteak beste, Julio Dominguezen Ave Maria, Piarres Bordazarreren Goizean argi hastian, Down by riverside, Javi Bustoren A tu lado, eta Pantxoa eta Peioren Azken dantza abestiak abestuko dituzte, azkena Beñar Egiarteren moldaketekin.
Ondoren, Lekeitioko Kilin Kalan abesbatzak hartuko du lekukoa, Oihana Etxabe Fernandezen gidaritzapean. Bost abesti kantatuko dituzte, eta Golden Slumbers eta Adiemus abestietan Iker Azurmendi arituko da piano jotzaile lanetan.
Hiru abesbatzek batera abestu aurretik Ondarroako Kantzaize Abesbatzako kideak igoko dira oholtzara, Peli Markuerkiaga Lasarteren zuzendaritzapean. Haien errepertorioan izango dira, besteak beste, Negra Sombra, Matona Mia Cara, Ilunabarra eta Con te partiro, azken hau ere pianoaren laguntzagaz.
Belaunaldi gazteen “beharra”. Kantaize Abesbatzako kideak “kezkatuta” agertu dira etorkizunagaz: “Abesbatzek gero eta indar gutxiago dute, eta belaunaldien erreleboa bermatzeko zailtasunak ditugu. Gazteen beharra daukagu; beraz, herriko gazteak abesbatzara gonbidatu nahi ditugu. Gainera, ez da beharrezkoa solfeoa jakitea; ahotsa entrenatu egiten da, beste edozein giharren moduan”.
Azpimarratu dutenez, kantagintza tradizionala eta euskal kulturaren transmisioa bermatzeko “funtsezkoa” da belaunaldi berriak erakartzea: “Kantua oso garrantzitsua izan da Euskal Herrian, eta jarraipena beharrezkoa da bizirik mantentzeko“.