Lekeitio bidean etxebizitza tentsio eremu izendapena lortzeko
Udalak pausoa eman du izendapena eskatzeko eta uda aldera iristea aurreikusten da etxebizitza arazo larriari neurriak jartzeko.
Lekeitioko Udalak urrats garrantzitsua eman du herria Tentsio Handiko Bizitegi Eremu izendatzeko bidean. Aste honetako Udaleko Osoko Bilkuran onartu den erabakiarekin, eskaera ofiziala Eusko Jaurlaritzara bidaliko da, eta behin bertan onartuta, Espainiako Gobernuko Etxebizitza Ministerioan aurkeztuko da. Aurreikuspenen arabera, prozesua uda aldera amaitu liteke, izendapena Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean.
Udalak azaldu du erabakiaren atzean herrian dagoen etxebizitza arazo larria dagoela. 2025ean Udalak egindako “Lekeitioko metabolismo demografikoaren eta etxebizitza beharraren azterketa” diagnostikoak egoeraren larritasuna berretsi zuen, etxebizitza eskuratzeko zailtasunak handiak direla azpimarratuz.
Horren aurrean, Udalak erabaki du Lekeitio eremu tentsionatu izendatzeko prozesua martxan jartzea. Izendapen horrek ez du berez herriko etxebizitza arazoa konponduko, baina Udalari tresna gehiago emango dizkio etxebizitza politiketan esku hartzeko. Helburua da eskuragarri dauden aukera guztiak baliatzea egoera hobetzeko eta herritarrei bizitzeko aukerak errazteko.
Etxebizitzaren Euskal Behatokiak 2025eko apirilean argitaratutako txosten batek ondorioztatu zuen Lekeitiok baldintzak betetzen dituela eremu tentsionatu izendatzeko. Azterketaren arabera, azken bost urteetan etxebizitzen salerosketa prezioa %32,5 igo da herrian, izendapena justifikatzeko ezarritako %22,4ko muga baino hamar puntu gehiago. Datu horien arabera, Lekeitio izan da Bizkaian etxebizitzen prezioak gehien igo diren herrietako bat.
Izendapena eskatzeko prozesuarekin batera, Udalak hiru urterako ekintza plan bat ere prestatu du. Plan horren helburua da Lekeitioko etxebizitza egoera hobetzeko neurriak martxan jartzea, herritarrentzat etxebizitza eskuragarri gehiago lortuz eta prezio arrazoizkoetan eskuratzeko aukera handituz. Horretarako, legeak Udalari ematen dizkion eskumenak baliatuko dira.
Diagnostikoak beste arazo nabarmen bat ere azaleratu du, etxe hutsena. Gaur egun Lekeition 909 etxebizitza huts daude, herriko etxebizitzen %17,2, eta portzentaje hori EAEko batez bestekoa baino askoz handiagoa da. Egoera horren aurrean, ekintza planak etxe hutsak alokairu merkatura bideratzea izango du ardatz nagusietako bat.
Horretarako, Udalak etxe jabeekin harreman zuzena izango du alokairu aukeren inguruko informazioa emateko, besteak beste Alokabide programaren bidez. Bestalde, etxebizitza hutsik mantentzen duten jabeentzat IBIaren %150eko errekargoa aplikatzeko aukera ere aurreikusten da. Helburua da jabeak informatzea eta konbentzitzea etxeak alokairuan jartzeko.
Bestalde, legeak aukera ematen du eremu tentsionatuetan alokairu prezioei mugak ezartzeko, eta neurri hori ere aztertuko da planaren barruan. Horrez gain, eraikiko diren etxebizitza berrien zati handi bat babes publikokoa eta alokairukoa izatea sustatuko da, etxebizitzaren funtzio soziala bermatzeko. Horren barruan kokatzen dira Karabiako proiektua eta etorkizunean sor daitezkeen beste sustapen batzuk.
Ekintza planak beste neurri batzuk ere jasotzen ditu, besteak beste etxebizitza zerbitzu bat sortzea herritarrei informazioa eta orientazioa eskaintzeko. Kontuan izan behar da Lekeitioko etxebizitzen %57,4 bakarrik dela lehen etxebizitza, %25,4 bigarren etxebizitza dela eta gainerakoak hutsik daudela.
Horregatik guztiagatik, Udalak azpimarratu du bere esku dauden tresna guztiak erabiliko dituela herritarrek herrian bizitzeko aukera izan dezaten, eta horretarako lehen pausoa etxebizitza duin bat eskuratzeko aukerak handitzea dela.