Txantxangorrik umeentzako aisialdi eskaintza prestatu du udaberrirako
Apirilaren 8an [eguaztena] eta 9an [eguena] egingo dituzte jarduerak adinaren arabera egokitutako ekintzekin. Donostiako txangora joateko izena eman beharko dute umeek.
Udaberriko oporraldia aprobetxatzeko asmoz, Mutrikuko Txantxangorri aisialdi taldeak ume eta gaztetxoei zuzendutako aisialdi jarduerak antolatu ditu. Apirilaren 8an [eguaztena] eta 9an [eguena] egingo diren jardueretan Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzako seigarren mailara arteko ikasleek parte hartu ahal izango dute.
Egitasmoak adinaren araberako proposamenak biltzen ditu. Hala, Lehen Hezkuntzako lehenengo mailatik laugarrenera arteko ikasleek Espazioan barrena esploratuz izeneko jardueran parte hartuko dute apirilaren 8an, 11:00etatik 12:30era. Kasu honetan, lehenengo eta bigarren mailakoak kiroldegian ibiliko dira, eta hirugarren eta laugarren mailakoak herrian.
Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako ikasleek, berriz, egun osoko plana izango dute Donostiara. Mitologik scape roomera joango dira apirilaren 8an: 09:00etan batuko dira Albokan eta 17:00etan helduko dira Mutrikura. Irteeran parte hartzeko izena eman beharko da apirilaren 1a baino lehen Txantxangorrik eskuragarri jarri duen QRan.
Bestalde, Haur Hezkuntzako 3,4 eta 5 urtekoentzat Ukitu, sentitu eta esperimentatu saioa antolatu dute apirilaren 9an, 11:00etatik 12:15era. Saioa Egaña frontoian hasi eta amaituko da, eta ume bakoitzak familiako kideren baten telefono zenbakia eraman dezan eskatu dute antolatzaileek.