Laboral Kutxa Banakako Txapelketa Berriatura itzuliko da, 12 pilotarirekin
Mendibarren pilotalekuan jokatuko da Laboral Kutxa Banakako Txapelketa, apirilaren 3tik maiatzaren 2ra Jai Alai Ligak antolatuta; Aritz Erkiaga, egungo txapelduna, eta Winter Seriesko garaile Johan Sorozabal parte hartzaileen artean daude, baita hainbat promesa ere.
Zesta-puntako Laboral Kutxa Banakako Txapelketa Berriatuko Mendibarren pilotalekura itzuliko da aurten, 12 pilotariren parte hartzearekin. Jai Alai Ligak antolatutako txapelketa apirilaren 3tik maiatzaren 2ra bitartean jokatuko da eta hainbat berritasun izango ditu, besteak beste egoitza aldaketa eta belaunaldi berriko pilotarien presentzia.
Berriki Durangoko Ezkurdin nagusitu den Aritz Erkiaga egungo txapeldun ispastertarra izango da aurten ere faborito nagusietako eta lau multzoburuetako bat, Johan Sorozabal Eusko Label Winter Seriesko garaile miarriztarrarekin, Jean Dominique Olharan pauetarrarekin eta Eñaut Urreisti mutrikuarrarekin batera. Lau pilotari horiek zuzenean final-laurdenetan sartuko dira lehian.
2026ko ekitaldiak gazteen presentzia nabarmena ere izango du. Txapelketako gazteenen ordezakaritza Ortzi Aldazabal Argoitia berriatuarrak, Clement Garcia eta Emeric Libois bidartarrek, Julen Basterra Txanikahondarribitarrak eta Aaron Gonzalez de Matauko gasteiztarrak osatuko dute; Daniako (Florida) denboraldian aritu ondoren, liga profesionalean lekua egin nahi duten pilotariak dira.
Final-zortzirenetan, eskarmentu handiagoko pilotarien aurka jokatuko dute, hala nola, Unai Lekerikabeaskoa gernika-lumotarraren, Ludovic Ladutxe getariarraren eta Julen Del Rio gasteiztarraren aurka. Lehen jardunaldia apirilaren 3an jokatuko dute, ostiralez, 19:00etan hasita lau kanporaketarekin: Ladutxe, Garciaren aurka; Libois, Gonzalez de Mataukoren kontra; Argoitia Lekerikabeaskoaren aurka; azkenik, Del Rio, Txanikaren aurka. Ondorengo jardunaldi guztiak ostiraletan izango dira 20:00etan, maiatzaren 2ko final handia izan ezik; hori larunbatez jokatuko da, eta ETBk emango du.
Lehia Mendibarren pilotalekura itzulera “garrantzitsua” da, Berriatua Jai Alai Ligaren egutegian geroz eta indartsuago kokatzen ari delako. Izan ere, denboraldi berean bi txapelketa profesional hartzen dituzten egoitzen multzoan sartu da, Miarritze, Gernika-Lumo, Durango, Donibane Lohizune, Lekeitio edo Pauerekin batera. Txapelketarako sarrerak eta txapelketa osorako 50 euroko bonoa eskuragarri daude dagoeneko, antolatzaileen webgunean.