Mutrikuko Berdel Eguna 1200 kilo berdel pintxorekin eta giro bikainarekin ospatu da
600 kilo egosi eta beste 600 kilo fresko erabilita, dozenaka boluntarioren lanari esker pintxoak, marmitakoa eta kontzertuak izan dira protagonistak.
Gaur [martxoak 28] Mutrikun ospatu da Berdel Eguna, arrainaren inguruko gastronomia, musika eta herri giroa uztartzen dituen jaia. Antolakuntzak azaldu duenez, guztira 1.200 kilo berdel erabili dira egunean zehar prestatutako plater eta pintxoetarako: 600 kilo egosi egiteko eta beste 600 kilo fresko, parrillan erretzeko edo marmitakoa bezalako errezetetan erabiltzeko.
Kopuru handiak direla eta, egosketa ez da ohiko lapikoetan egiten. Horretarako, arrain kontserbak egiten dituzten enpresen laguntza behar izaten da. Urte askotan Conservas Costa Vasca enpresak egin zuen lan hori, baina azken urteetan Ortiz Kontserbak arduratu da berdela egosteaz bere instalazio industrialetan, gatza eta egoste puntua zehaztasunez zainduta.
Gainera, enpresak bere produktuetako bat doan eskaini du dastatzeko: berdel frijitua eskabetxean, metodo tradizionalei jarraituz egindako kontserba. Berdel Eguneko karpara hurbildu diren bisitariek pintxoen artean probatzeko aukera izan dute.

Pintxo eta errezeta ugari
Portuan antolatutako dastaketan hainbat sukaldari eta taldek hartu dute parte, bakoitzak bere errezeta eskainiz. Besteak beste, honako proposamenak izan dira:
-
Berdel focaccia, Azkenetxea jatetxeko Simone Siddiren eskutik.
-
Arrautza berdelarekin betea, Pikua jatetxeko Luis Alburquerqueren proposamena.
-
Berdela ahuakate, ozpin-olio eta pikilloekin, Urgain jatetxeko Xabier Osaren eskutik.
-
Berdel entsalada epela, Zelaieta jatetxeko Idurre Ezenarroren errezeta.
-
Arrain zopa, Kalbaixo jatetxeko Cristina Lopezek prestatua.
-
Berdel entsaladilla, Piperren Txokoaren lehen parte-hartzea.
-
Berdel krepa, Valentin Zumalaberen proposamena.
-
Berdel txaka, Kai Gain elkartearen eskutik.
-
Berdel piperrada, herriko lagun talde batek prestatua.
Horrez gain, Etxekalte, Hogar del Marinero eta Ziñua elkarteek berdel marmitakoa prestatu dute portuan banatzeko.
Antolakuntzako kideek azaldu dutenez, boluntarioen lana funtsezkoa da jaia aurrera eramateko. Prestaketa lanak astean zehar egiten dira, arraina garbitzen, egosten eta osagaiak prestatzen. Aurten gainera, gazte gehiago batu direla nabarmendu dute, eta horrek antolakuntza indartu du.
Giro ona eta bisitari ugari
Euriaren mehatxua izan arren, giroa “ederra” izan dela azaldu dute antolatzaileek. Karpa bete egin da eta pintxoak erritmo onean banatu dira. Kanpotik etorritako bisitari asko ikusi direla ere azpimarratu dute.

Pintxoen artean arrakasta handiena izan duenetako bat arrain zopa izan da; hainbeste, non lehenengo agortu den plateretako bat izan baita. Beste proposamen batzuk ere oso gustukoak izan direla adierazi dute bertaratutakoek.
Kontzertuak portuan
Arratsaldean musika izan da protagonista. Lehenengo kontzertua Izan Bai taldeak eskaini du, euskarazko heavy metal eta hard rock doinuekin. Ondoren, Bide Batez Erromeria taldeak giroa alaitu du trikiti eta euskal erromeria klasikoekin, dantzarako eta jai giroan eguna amaitzeko.