Bizipozako elkarteen errealitatea lantzea helburu duen Bizipoza Eskola aurkeztu dute Aulestin
Bizipozako elkarteen errealitatea lantzea da eskolaren helburua, eta horretarako hezkuntzako materiala eta jarduerak ezberdinak jarriko dituzte hezkuntza formaleko, ez formaleko zein herrigintzako eragileen eskura. Datozen asteetan herri aurkezpenak egingo dituzte Lekeition, Ondarroan eta Markina-Xemeinen.
Bizipoza Eskolaren aurkezpena, Aulestin. Bizipoza Elkartea. Barikuan [martxoak 26] aurkeztu zuten Bizipoza Eskola Aulestiko udal areto nagusian. Bertan egon ziren Nerea Godoy Fuentes Bizipoza elkarteko kidea eta baita Bibitxa koletiboko Ainhoa Etxebarria Gomez eta Nerea Gartzia Gartzia aktoreak ere.
Nerea Godoy Fuentesek azaldu zuenez, Bizipoza Eskolaren helburua Bizipozako elkarteen errealitateak lantzea da: “Horretarako, materiala eskaintzen die hezkuntza formaleko eta ez formaleko eragileei zein herrigintzakoei, besteak beste, hezkuntzako materiala eta jarduerak”. Bide horretatik, elkarteak esku artean dituen gaiak “gizarteratu, landu eta tabuak apurtzea” da bilatzen dutena: “Funtsean, enpatiaz eta elkartasunez bizipoza zabaltzea“.
Horrez gain, Bibitxa kolektiboko Etxebarria eta Gartziaren lana izango da ikastetxeetan Bizipozaren mezua zabaltzea, baliabideak eskuragarri jartzea, maiatzaren 24ko ekitaldiaren berri ematea eta bertara bideratzea. “Horretarako, hurrengo asteetan, alde batetik, ikastetxez ikastetxe ibiliko dira, eta, bestetik, herri aurkezpenak egingo dituzte Lekeition, Ondarroan eta Markina-Xemeinen”.