Garbiñe Arrate Zerutxu Ikastolaren bultzatzailea zendu da
Garbiñe Arrate markina-xemeindarrak 40 urte baino gehiago eman zituen euskarazko irakaskuntzan, eta bizi osoa, herrigintzan; besteren artean, Zerutxu Ikastolako lehen andereñoetako bat izan zen. Hileta elizkizuna bihar [martxoak 31] izango da, 18:00etan, Xemeingo elizan.
Garbiñe Arrate, iaz, Markina-Xemeingo Zelaian. Garbiñe Arrate Urigoitia irakasle ohia eta euskaltzalea zendu zen atzo [martxoak 29], 81 urterekin. Arrate 1944an jaio zen Markina-Xemeinen, eta 40 urte baino gehiago eman zituen euskarazko irakaskuntzan. Herriko zein eskualdeko hezkuntzaren garapenean erreferenteetako bat izan zen: Miren Nekane Aginaga andereñoagaz batera, Zerutxu Ikastolako lehen andereñoetako bat izan zen. Hileta elizkizuna bihar [martxoak 31] 18:00etan izango da, Xemeingo elizan.
1960ko hamarkadan ekin zion irakaskuntzari eta 2007an amaitu zuen bere ibilbide profesionala. Herrigintzan ere aritua, 40 urte baino gehiago eman zituen Xemein Abesbatzan. Hala, abesbatzako kideek Arratek egindako lana goraipatu nahi izan dute: “Gure andereño Garbiñe joan zaigu. Goian Bego. 40 urte baino gehiago Xemein Abesbatzako partaide izan dena, azken urtera arte. Abeslari, dantzari eta pertsona ezin hobea. Beti herrigintzan, euskararen eta euskal kulturaren alde”. Era berean, Zerutxu Dantza Taldeko kideek ere Arrateren jarduna aitortu nahi izan dute: “Eskerrik asko euskara debekatuta zegoen sasoian bere alde eta euskal kulturaren alde egindako lanarengatik. Eskerrik asko gaur egun normaltzat daukagun gizarte euskaldun hau posbile izateagatik ausardiagaz egindako lan danarengatik. Zuek barik ez ginateke izango gaur garena”.
[IRAKURRI GARBIÑE ARRATERI EGINDAKO ERREPORTAJEA HEMEN]
Ibilbidea. Zerutxu Ikastolak 1964ko azaroan eman zuen lehenengo eskola, Aginaga andereñoaren gidaritzapean. Lehenengo urtean, Arratek hainbat dantza klase eman zituen Zerutxun, eta bigarren urtea heltzerako, Aginagagaz batera bigarren andereño izendatu zuten Arrate: «Lehenengo urtean laguntzen aritu nintzen, eta bi ordu baino ez nintzen joaten. Gero, 1965ean, ume gehiagok izena eman zuten Zerutxun, eta beste andereño bat behar zen. Niri eskaini zidaten postua». 20 urte inguru egon zen martxan Zerutxu Ikastola, eta urte horietan guztietan egon zen bertan Arrate ere. Ostean, Berakruz ikastetxeagaz bat egin, eta 2007ra bitarte, bertan eman zituen klaseak.
Markina-Xemeingo Udalak aitortza egin zien bai Aginagari eta baita Arrateri ere. 2021ean Aginagaren omenezko plaka ipini zuten herrian, eta bertan izan zen Arrate ere. 2024an, ostera, Arrateren ibilbidea eta herriari egindako ekarpena eskertu nahian, Markina-Xemeingo Udalaren Kultura Saria jaso zuen Arratek.

Nekane Aginagaren plaka atzean. Aurrean, ezkerretik eskumara: Mari Eli Ituarte (Markina-Xemeingo udaleko Euskara eta Kultura zinegotzia), Garbiñe Arrate eta Begoña Isasi. Argazkia: Markina-Xemeingo Udala.