Maiatzaren 16an emakumez beteko dira Bizkaiko mendietako tontorrak
'Emakumeak gailurretan' egitasmoaren baitan, maiatzaren 16ko 12:00etan Bizkaiko mendietako tontorrak emakumez betetzeko deia egin dute. Lea Ibarreko Berdintasun Kontseiluak Ilunzarrera igotzeko deia egin du.
Emakumeak izango dira Bizkaiko mendietako protagonistak maiatzaren 16an. Izan ere, mendian emakumeen presentzia ikusarazteko eta indartzeko asmoz, Bizkaiko Mendizale Federazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Emakumeak gailurretan egitasmoa abiatu dute.
Ekimenaren bitartez, egun bakar batean Bizkaiko hainbat tontor emakumez bete nahi dituzte: ” Bizkaiko gailurrak emakumez betetzea da ekimenaren helburua, Gorbeiatik Pagasarriraino eta Anbototik Kolitzaraino”. Antolatzaileek nabarmendu dute adinak edo esperientziak ez dutela mugarik jartzen parte hartzeko orduan: “Pausoa ematea eta lagunartean egitea da garrantzitsuena”. Halaber, aurretik mendira igo diren emakumeak gogoratzea eta etorkizunean igoko direnei bidea erraztea ere badu helburutzat ekimenak.
Parte hartzeko norbere herritik gertu dagoen Bizkaiko mendi bat aukeratu beharko da, eta gutxienez bost emakumeko taldeetan tontor batera igo: “12:00etan tontorrak emakumez beteko ditugu, eta gure presentzia ikusaraziko dugu mendian, gure sare sozialetan zabalduko ditugun argazki eta bideoekin”. Izena emateko euro bateko ekarpen sinbolikoa egin beharko da, martxan parte hartzeko konpromisoa bermatzeko. Gainera, parte hartzen duten emakume guztiek bufanda bat jasoko dute oparitzat.
Ilunzarrera igotzeko deia. Lea Ibarreko Berdintasun Kontseiluak bat egin du ekimenagaz, eta Ilunzar mendira igotzeko deia egin dute. Hala, gaur [martxoak 30] da izena emateko azken eguna, 94-684 25 86 telefonora deituz. “Lea Ibarreko Berdintasun Kontseiluak izena ematera animatu nahi zaituzte. Ilunzar mendiaren tontorrean elkartuko gara, maiatzaren 16an, 12:00etan”.