"Pizkundearen Korrika izan da, Pizkunde berri baterako lehenengo txinparta"
24. Korrikak "babes zabala" eduki duela eta parte-hartzea "masiboa" izan dela azpimarratu dute gaur goizean AEKko kideek. 12. eguna izeneko ekimena iragarri dute.
24. Korrikaren balorazioa egin dute goizean, BilbonAEK Ane Elordi Korrikaren arduraduna, AEKren Nazio Kontseiluko kideak eta lekukoaren mezuaren zazpi egileak Bilbon elkartu dira gaur goizean [martxoak 30], 24. Korrikaren lehenengo balorazioa ezagutarazteko agerraldian.
“Euskal Herriak erabateko indarrez erakutsi du euskara garela, eta euskara izan nahi duela”
Parte-hartzea “masiboa” izan dela eta 24. Korrikak “babes zabala” eduki duela azpimarratu dute. Horren adibide ipini dute “inoiz baino lekuko-hartze gehiago” egon izana, 3.400etik gora: “Euskal Herriak erabateko indarrez erakutsi du euskara garela, eta euskara izan nahi duela”.
“Pizkundearen Korrika” izan da, “Pizkunde berri baterako lehenengo txinparta”. Izan ere, gaur azaldu duten legez, horixe islatu nahi izan du AEKk Korrikaren mezua Euskal Herriko zazpi gazteren esku utzita. Gazteok ez dituzte ausaz aukeratu: “Guztiak euskara dira gaur egun, nahiz eta hainbat bide ibili dituzten horra heltzeko, ez baitute hizkuntza modu berean jaso. Hori bai, euskararen etorkizuna jokoan dagoen honetan, ezinbestekoa denean guztiok dagokigun erantzukizuna geure egitea, zazpi mezu-egileek argi dute euren engaiamendua, eta horregatik dira euskararen Pizkunde berri baten lehen txinpartaren isla”.
Euskara Pizkunde berri batera eramateko deia egin du 24. Korrikak, gazteak lehenengo lerrora ekarrita, haien esku-hartzea ezinbestekoa delako azken helburura heltzeko. Elordiren berbetan, “horrek ekainaren 13ko Euskaltzaleon Martxara begira jarri gaitu”. Gogoratu du euskaltzaletasuna elikatzeko orduan herritar bakoitzaren ekarpena ezinbestekoa dela adierazteko asmoz egingo dela ekimen hori.
12. eguna izeneko ekimena iragarri dute gaurko agerraldian. Horren baitan, apirilaren 22an ordubeteko eskola emango dute, doan, AEKren 100 euskaltegietan. Hasiera-mailako eskolak izango dira, oraindik euskarara hurbildu ez direnentzat. Bestalde, maiatzaren 21erako 65 mintzodromo antolatuko dituzte: “Inoiz baino euskara gehiago entzungo da gure artean! Azken batean, horrela lortuko dugu helburua: ikasiz eta praktikatuz”.
Korrikan parte hartu duten eragile guztiei konpromisoa eskatu diete, “ekiteko engaiamendua”. Atzo esan bezala, gaur ere adierazi dute lan horretan, besteak beste, ezinbestekoa dela ordezkari politikoen ardura, haien babes juridiko eta politikoa. Askok eraman dute lekukoa Korrikan, baina ekintza sinboliko horretatik haragoko konpromisoa eskatu dute: “Korrikaren harira egindako adierazpen ederrak ekimen bihur ditzatela, benetan susta dezaten Euskal Herri euskalduna”.
Benetako lanketa, konpromisoa, behin Korrika igarota datorrela nabarmendu dute: “Beti esan dugu ez dela nahikoa Korrikan parte hartzea, hurrengo eguna ere garrantzitsua dela. Asmo handiko helburuekin abiatzen dugu lasterketa, baina ekimena bera labur geratzen zaigu askotan, eta Korrikak 11 egun horietatik harago joan behar dugu. Hori dela-eta sortu dugu Korrikaren 12. eguna izeneko ekimena”.