Amaitu dituzte 'Antxustegi Berria' ontziaren zaharberritze lanak
1958an Ondarroan eraikitako arrantza ontzi historikoaren egitura sendotu dute, jatorrizko ezaugarriak errespetatuta eta esku hartze minimoagaz. Prozesuan belaunaldi eta jatorri ezberdinetako lagunek nahiz Antxustegi-Badiola familiako kideek parte hartu dute, ezagutza teknikoa eta komunitatea uztartuz.
Proiektuaren ordezkariak eta Antxustegi-Badiola familiako kideak, 'Antxustegi Berria' ontziaren aurrean.Bizkaiko Foru Aldundia Itsasmuseumek joan den barikuan [martxoak 27] aurkeztu zituen Antxustegi Berria arrantza ontzi historikoan egindako zaharberritze lanak. Aurkezpenean izan ziren Leixuri Arrizabalaga Itsasmuseumeko presidentea eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatua, Jon Ruigomez museoko zuzendaria eta Jon Ispizua Itsasmuseumeko ontzigintza tradizionaleko Erain proiektuaren arduraduna.
Zaharberritze lanek ontziaren egitura sendotzea eta kontserbazioa izan dituzte helburu. Esku hartze minimoagaz eroan dituzte aurrera lanak, benetakotasuna errespetatuz eta jatorrizko egiturarekin bateragarriak diren material eta teknikak erabiliz. Hala, besteak beste, hondatutako piezak ordezkatu, egurra babesteko tratamenduak egin —xilofagoen eta onddoen aurkakoak— eta ontziaren elementu nagusiak berreskuratu dituzte.
Lanak aurrera eroateko “belaunaldi eta kultura desberdinetako” pertsonek osatu dute taldea. Profesionalak egon dira tartean —ontziolen, portuko lanbideen, itsas industrien edo itsas merkataritzako ibilbideekin lotutako pertsonak— baina baita bestelako norbanakoak ere. Taldearen parte izan dira, esaterako, Otxarkiko lanbide heziketako ikasleak eta Lantegi Batuakeko boluntarioak: “Otxarkiko lanbide heziketako ikasleak askotan pertsona migratzaileak dira, eta esperientzia honek tokiko kulturara hurbiltzeko bidea eta harreman eta ikaskuntza aukera berriak eskaini dizkie”.
Antxustegi Berriaren zaharberritzeak Antxustegi-Badiola familiaren “inplikazioa eta konplizitatea” ere lagun izan ditu. Alde batetik, proiektuak Xabier Laka Antxustegik diseinatutako irudi grafikoa du. Laka EHUko Arte Ederren Fakultateko irakaslea eta eskultorea izateaz gain, Antxustegi familiako kidea ere bada, eta bi bertsio dituen logotipoa aurkeztu zuen: itsasgora-pleamar eta itsasbehera-bajamar. Proiektuaren hiru ordezkarien esanetan, bere proposamen grafikoak “itsas eremuaren dimentsio fabril eta merkantila osatzen du, ikuspegi artisau eta arrantzale bat gehituz”, eta horren adibide argia da Antxustegi Berria. Bestalde, 2023an sortu zuten Antxustegi Berria. Gure Señoriti erakusketa, eta Ondarroan nahiz Bermeon egon da ikusgai orduz geroztik.

Joan den barikuan [martxoak 27] egin zuten zaharberritze lanen aurkezpena.Bizkaiko Foru Aldundia
Materiala baino gehiago.
Hiru ordezkariek aurkezpenean gaineratu zutenez, egindako zaharberritze lanak berreskurapen materiala baino “askoz gehiago” dira: “Kasu erreal batean, itsas ondarean esku hartzeko modu zorrotz, partekatu eta dokumentatu baten baliozkotzea da. Lan egiteko modu honek zaharberritze zientifikoa, ezagutza tekniko tradizionala, ikerketa, parte-hartze soziala eta diziplinen arteko lankidetza uztartzen ditu”. Izan ere, ez dute soilik itsas ondare gisa katalogatutako ontzi baten gainean jardun: “Dokumentatu egin dira metodologia bat, prozesu tekniko bat eta ontzigintza tradizionalari eta Bizkaiko itsas kulturari lotutako egiteko modu bat”.
Erain proiektuaren bitartez eroan dituzte aurrera dokumentazioa nahiz ontziaren zaharberritzea. 2016an ipini zuen martxan Itsasmuseumek bere jatorrizko tailer proiektua, eta hala, Antxustegi Berriaren zaharberritze zientifikoagaz lanean hasi ziren: “Proiektuak zaharberritze, etnografia, museo, ondare eta unibertsitate arloko profesionalak bildu ditu, eremu honetan ohikoa ez den eredua artikulatuz: oinarri zientifiko eta akademikoa duen zaharberritzea, baina aldi berean lurrean kontrastatua eta aberastua, materialekin, denborekin eta esku hartzearen benetan konplexutasunarekin harreman zuzenean”.
Hori horrela, emaitza materiala “garrantzitsua” den arren, Itsasmuseumeko ordezkariek balioan ipini nahi izan zuten lan egiteko garatu duten modu berria ere, “dokumentatuagoa, kolaboratiboagoa, gardenagoa eta etorkizuneko esku hartzeetara transferigarria”. Gaineratu dutenez, “esperientzia kolektiboa” ere izan da: “Proiektuaren inguruan itsas kulturarekin koprometitutako komunitate bat eratu da, ontzigintzako arotzek, historialariek, museoko langile teknikoek eta Itsaslagun elkarteko boluntarioek osatua, aurretiazko esperientzia izan ala ez”.

Argazkia: Ondarroako Udala.
68 urteko bidaia.
Antxustegi Berria ontzia 1958an eraiki zuten Ondarroako Arriola ontzioletan; gaur egun kontserbatzen den baxurako ontzirik zaharrenetarikotzat jotzen da. Ontziak 21 metroko luzera du, eta eraiki zeneko arrantza jardueraren ezaugarri nagusiak mantentzen ditu, besteren artean, egurrezko egitura sendoa eta beita biziarekin arrantzatzeko sistemak.
Ontzia Antxustegi-Badiola familiarena izan zen, eta 1997an eman zioten dohaitzan Itsasmuseumari. Urte hartan bertan eroan zuten itsasontzia Ondarroatik Bilbora, eta 2013an, museoaren hamargarren urteurrenarekin batera, konturatu ziren ontzia egoera txarrean zegoela. Hala, senideek etengabeko lanari ekin zioten, beraiena zena babestuz eta herri ondarea zaintzeko eskatuz. Familiaz gain, erakunde eta norbanako desberdinak batu zitzaizkien borrokara, eta 2014an Ondarroako Udalak ere eskaria egin zion Itsasmuseumari. Hala, pixkanaka aurrerapausuak eman, eta ontzia berreskuratzeko lanei ekin zieten. Gaur egun museoko dikeetan kontserbatzen dute ontzia, bildumako pieza nagusietako bat bihurtuta.