Euskarazko eduki-sorkuntza sustatzen ari da Bziber lehiaketa
Euskarazko eduki-sorkuntza sustatzeko, martxoaren 23an abiatu zuten Bziber lehiaketaren 9. edizioa, eta apirilaren 17ra bitartean parte hartu daiteke. Eduki digitalen sorkuntzan euskarak ere badaukala lekua eta bide horretan sortzaileak “funtsezkoak” direla aldarrikatu dute antolatzaileek.
TikToken euskaraz edukiak sortzeko gogoz gauden 14 urtetik gorakoek parte hartu dezakete Azkue Fundazioak Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailaren babesarekin antolatzen duen lehiaketa horretan, eta Janire Atxurra (@janiatxu), Andoni Etxezarreta (@_ibilimunduan), Luma Otaño (@luma.ov) eta Julen Unanuek (@unaanuue) gidatuko dute aurtengo edizioa: “Sareetan (TikTok eta Instagram) euskarazko edukia sortzea da lehiaketaren helburu nagusia, sareak euskaraz bustitzea. Eduki sortzaileek eduki sorkuntzarako hainbat aholku emango dituzte, parte hartzaileei laguntzeko helburuarekin”. Astero eduki sortzaile batek gidatuko du lehiaketa, bideo proposamen bat eginez, eta parte hartzaileen egiteko da bideo proposamen horiek “beren estilora sortu eta sareetan partekatzea”, nahi beste bideo egiteko aukerarekin. Eduki sortzaile bakoitzak bere kategoriako irabazlea aukeratzen du, eta irabazleek Fnac dendan gastatzeko 100 euroko bonuak jasoko dituzte.
Lehenengo astean, Atxurra aulestiarrak gidatuta, Korrikari buruzko ikus-entzunezkoak jaso zituzten, eta Etxezarretak proposatu du aste honetako erronka; Bziber txokoak bilduko dituzte: “Hemen da bigarren erronka. Zuen herritik gehien gustatzen zaizkizuen gauzak ikusi nahi ditugu; taberna, parke, auzo, mendi edota jateko zerbait izan ahal da. Desiatzen gaude zuen bideoak ikusteko”. Beretzat leku oso berezia den Bergarako San Martzial auzoa aurkeztu du eduki sortzaile gipuzkoarrak.
BZ Sarea kategoria berria estreinatu dute aurten, eta horren bitartez, parte-hartzaileek beren lehenengo kontratu profesionala irabazteko aukera izango dute. Kategoria horretan 17 urtetik gorakoek parte hartu dezakete: “Kategoria honen bidez, euskal eduki sortzaile berriei ikusgarritasuna eman eta haien ibilbide profesionala sustatu nahi da, sarean euskaraz sortzen jarrai dezaten”.