Lea-Artibaiko gazteen %21ek baperra probatu dute egindako diagnostikoaren arabera
1.215 gazteren parte hartzeagaz egindako diagnostikoak erakutsi du sare sozialen erabilera oso zabalduta dagoela, substantzien kontsumoa adin goiztiarretan hasten dela eta neskek bakardade sentimendu handiagoa daukatela.
Lea-Artibaiko Mankomunitateak, Garaia Elkarteagaz elkarlanean, eskualdeko gazteen ongizatea, substantzien kontsumoa eta aisialdi digitala ezagutzeko diagnostikoa egin du. Azterketan Lea-Artibaiko DBH eta Batxilergoko 1.215 ikaslek parte hartu dute eta, horrez gain, gazteen iritziak sakontzeko hiru foro antolatu dira Lekeition, Markina-Xemeinen eta Ondarroan.
Diagnostikoaren helburua da 12 eta 18 urte bitarteko gazteen errealitatea hobeto ezagutzea izan, bereziki ongizateagaz, teknologia digitalen erabileragaz eta substantzien kontsumoagaz lotutako ohiturak aztertuz. Bildutako informazioa baliagarria izango da Lea-Artibaiko Mankomunitatearen Adikzioen Prebentziorako Tokiko Planeko ekintzak orientatzeko.
Inkestetan gazteek hainbat gairen inguruko informazioa eman dute: bizitzako alderdi desberdinen inguruko asebetetze maila, bakardade sentimendua, teknologia digitalen erabilera, Internetekiko mendekotasun arriskua, substantziak probatzen hasteko adina eta kontsumo ohiturak.
Ongizatea eta genero arteko aldeak
Oro har, gazteek modu positiboan baloratzen dituzte euren bizitzako hainbat alderdi. Nabarmena da familiaren inguruko asebetetze maila, gazteen %94,7k pozik dagoela adierazi baitu. Halaber, nortasunagaz (%88,8), gorputzagaz (%79) eta pisuagaz (%74,6) ere asebetetze maila handia agertzen da.
Hala ere, generoaren arabera alde nabarmenak ageri dira. Mutilak, oro har, pozago agertzen dira euren bizitzako alderdi gehienekin. Neskek, aldiz, asebetetze maila baxuagoa erakusten dute, batez ere gorputz irudiari eta pisuari dagokionez. Gorputzagaz pozik dauden nesken ehunekoa %58,8koa da, eta pisuagaz pozik daudenena %55,1ekoa.
Bakardade sentimenduan ere aldeak ageri dira. Mutilen %60 inguruk dio ez duela inoiz bakardadea sentitu. Neskengan, ordea, ehuneko hori askoz txikiagoa da, %34,7koa. Gazteek bakardadea sentitzeko arrazoi nagusitzat jo dute inork ez entzutea edo ez ulertzea, nahiz eta neskek besteekin alderatzea edo ikasgelako egoerak ere aipatu dituzten.
Teknologia digitalak eta sare sozialen erabilera
Teknologia digitalen erabilera oso hedatuta dago gazteen artean. Sare sozialak dira gehien erabiltzen direnak, gazteen %82,39k erabiltzen baititu. Horren ondoren berehalako mezularitza dator, %77,78ko erabileragaz.
Generoaren arabera ere desberdintasunak daude erabileran. Neskek gehiago erabiltzen dituzte sare sozialak eta mezularitza aplikazioak, eta mutilek gehiago erabiltzen dituzte bideo-jokoak. Horrez gain, mutilek presentzia handiagoa dute pornografiaren kontsumoan eta diru-jokoetan.
Diagnostikoak Interneten erabilera arriskutsuaren zantzuak ere aztertu ditu. Datuen arabera, ez-bitarren %43,75ek, nesken %29,57k eta mutilen %24,7k erabilera problematikoaren edo arrisku handiaren seinaleak dituzte.
Substantzien kontsumoa adin goiztiarretan
Azterketak erakusten du substantzien lehen kontaktua adin goiztiarretan gertatzen dela. Lehenik edari energetikoak probatzen dituzte gazteek, 11 eta 12 urte bitartean. Ondoren alkohola dator, 12-13 urte inguruan; gero baperra eta tabakoa, 13-14 urtegaz; eta marihuana, 14-15 urte inguruan.
Alkohola da gazteen artean gehien kontsumitzen den substantzia. Inkestatutako gazteen ia %60k noizbait alkohola edan duela adierazi du, eta %21ek baperra erre duela aipatu du. Kontsumo portzentajea antzekoa bada ere, neskek batzuetan kantitate handiagoak edaten dituztela eta mozkorraldi gehiago izaten dituztela ikusi da.
Gazteek alkohola batez ere tabernetan, txosnetan edo lagunen bidez lortzen dutela adierazi dute, eta kontsumitzeko arrazoi nagusien artean ondo pasatzea, arazoez ahaztea edo mozkortzea daude. Kontsumitu nahi ez dutenek, berriz, osasunerako kaltegarria dela, nahi ez dutela edo gurasoek jakin dezaketela aipatu dute arrazoi nagusi gisa.
Prebentziorako tresna
Lea-Artibaiko Mankomunitateak azpimarratu du diagnostikoa baliagarria izango dela eskualdeko gazteen errealitatea hobeto ulertzeko eta etorkizuneko prebentzio ekintzak diseinatzeko.
Era berean, erakundeak eskerrak eman dizkie eskualdeko ikastetxeei eta parte hartu duten gazteei, izan duten parte hartze handiagatik. Helburua, Mankomunitateak adierazi duenez, gazteen ongizatea zaintzen jarraitzea eta eskualdean prebentzio lanak indartzea da.