Lekeition berritu dute Taberna Lagunkoiak ekimena eta auzolanera deitu dute Uribarren parkean
Lagunkoi taldeak herriko tabernekin elkarlanean komunak edonork erabiltzeko aukera sustatu du berriro, eta bihar [apirilak 1] auzolana egingo dute parkeko loreontziak eta jolasguneko pintaketa berritzeko.
Lekeitioko Lagunkoi taldeak berriro martxan jarri du Taberna Lagunkoiak kanpaina. Ekimen hau 2023an jarri zen abian lehen aldiz, eta helburua da herria pertsona guztientzat atseginagoa eta irisgarriagoa izatea. Horretarako, taberna parte-hartzaileek komunak edonoren eskura jartzen dituzte, kontsumitu beharrik gabe.
Kanpaina berritzeko, udalak aurretik gutun bat bidali die herriko tabernen jabe guztiei ekimenaren berri emateko. Ondoren, Lagunkoi taldeko kideek tabernaz taberna ibili dira pegatina berriak jartzen, herritarrek erraz identifikatu dezaten zein establezimendutan dagoen komuna erabilgarri.

Ekimenak harrera “oso ona” izan du tabernen aldetik. Parte hartzen duten establezimenduek jarrera “oso irekia” erakutsi dute eta ekimena esku zabalik hartu dute. Guztira 49 taberna ageri dira herriko zerrendan, nahiz eta batzuk itxita egon diren momentu horretan eta, horregatik, pegatinak jartzea hurrengo baterako utzi duten.
Kanpainaren helburua da herrian dabilen edonork —herritarrek zein bisitariek— behar dutenean komuna erabiltzeko aukera izatea, batez ere adinekoentzat, familientzat edo premia bereziak dituzten pertsonentzat lagungarria izan dadin.
Auzolana Uribarren parkean
Taberna Lagunkoiak ekimenarekin egindako lanari amaiera emateko, Lagunkoi taldeak auzolan jardunaldi bat antolatu du Uribarren parkean.
Ekimenaren helburua da parkeko espazioa apaintzea eta berritzea. Horretarako, parkeko kopa edo loreontzietan lore berriak landatuko dituzte, eta jolasguneko pinturaren erretokeak egingo dituzte.
Auzolana bihar [apirilak 1] izango da, 9:30etik 12:30era, Uribarren parkean. Antolatzaileek herritarrak parte hartzera animatu dituzte, goiz eder bat elkarrekin pasatzeko eta herria zaintzeko aukera paregabea dela azpimarratuz. Gainera, jardunaldia amaitzean parte-hartzaileek ekarritako janariarekin merienda bat egingo dute elkarren artean. Lagunkoi taldeak herritar guztiei gonbidapena luzatu die auzolanera animatu, parte hartu eta goiz atsegin batez gozatzeko.