ADELen 21. aldia "indarberrituta" itzuliko da Aulestira
Apirilaren 6tik 11ra euskarazko arte eszenikoen topaguneak laborategia eta jaialdia uztartuko ditu. Programa "oso oparoa" ekarriko du aurtengo ADELek, eta besteren artean, zazpi proposamen artistikoz gozatzeko aukera eskainiko dute.
Artedrama eta Axut!-en 'Nor naizen baneki' antzezlana egongo da.Artedrama Urtero bezala, udaberria heltzeagaz batera helduko da Artedrama Euskal Laborategia ere Aulestira. 21. aldia izango da aurtengoa, eta apirilaren 6tik 11ra barrura begirako sorkuntza eta kanpora begirako erakustalda uztartuko ditu topaketak. Arte eszenikoetan euskaraz aritzen direnak elkartzeko helburuagaz, “indarberrituta” eta programa “oso oparoagaz” dator ADEL.
Ander Lipus Artedramako kide eta ADELen antolatzaileak azaldu duenez, egoera ekonomikoak baldintzatuta egon da aurtengo topaketa: “Bizitza garestitzen ari da, eta apur bat ezinean ibili garen arren, Artedramako kideok ADELen aldeko apustua egin dugu, eta baita Aulestiko Udalak ere. Hala, posible izango da 21. aldia egitea”.
2005ean abiatu zenetik, urtez urte mantendu dute topaketen oinarrizko egitura: laborategian arte eszenikoetan euskaraz aritzen direnentzako prestakuntza eta esperimetatzeko gunea eskainiko dute, eta jaialdian, berriz, herritarrei irekitako emanaldi eskaintza egongo da. Lipusek adierazi duenez, 20 urtez jarraian indar berdinarekin antolatzea ez da erraza izan, baina eduki dituzte aurrera jarraitzeko arrazoiak: “Ikusi dugu bai eskualdean eta baita herrian bertan ere, euskarazko antzerkigintza beharrezkoa dela; jendeak oso-oso ondo erantzuten duen plaza da. Eta uste dugu bere txikitasunean handia dela, hau da, proiektuak baduela zerbait euskal antzerkigintzari edo arte eszenikoei ematen diona. Horregatik ere egin dugu aurtengoa antolatzeko apustua”.
Ander Lipus: “Denetariko irakasleak edukiko ditugu, eta aurtengoan ere, programa biribila prestatu dugu. Aukeraketa bat egin behar izan dugu, baina aukeratutako horrekin oso pozik gaude”.
Hala, 21. aldi honek zazpi antzerki emanaldi eroango ditu Aulestira; hiru udal aretoan izango dira, eta beste hiru, frontoian. Udal aretoko emanaldiak doan izango dira, eta frontoikoen sarrera 10 euro izango da: “Bizitzaren garestitzearekin lotuta egin dugu igoera hau ere. Uste dugu igoera nahiko egokia dela, eta jendea ohartu egin behar dela kultura ere ordaindu egin behar dugula. Zentzu horretan, kontziente gara etortzen diren horiek gustura ordainduko dituela 10 euro horiek”. Sarrerak salgai daude Aulestiko Ilunzar tabernan.
Laborategiko irakasle izango diren hainbaten proposamen artistikoak ere egongo dira oholtzan. Horietatik lehena Formol Laborategiaren Heriotzak Eduardo du izena poesia ez-errezitaldia izango da: “Esperimentu bat da. Soinu instalazioa, performancea eta antzerkia uztartzen ditu, fisikoa eta birtuala denaren arteko mugak esploratu eta publikoaren eta eszenatokiaren arteko ohiko hesiak ezabatzen dituena”. Apirilaren 6an 21:00etan egongo da Formoldarren lana ikusteko aukera, udal aretoan.
Bigarren egunak bi antzezlan ekarriko ditu Aulestira. Alde batetik, jaialdian oholtzara bi aldiz igoko den Idoia Tapiaren lanaz gozatzeko aukera egongo da: apirilaren 7an, 21:00etan, Alter Nation bere bakarkako lana eskainiko du, eta apirilaren 10ean Nor naizen baneki antzezlanean egongo da. Bakarkako lanari dagokionez, oholtzan ahots efektuak eta “emakume kurioso bat” ikusteko aukera egongo da; Tapiak ahotsaren bitartez gidatuko ditu ikusleak, eta norbere identitatearen inguruko hausnarketa egitera eroango ditu. Jarraian, Nagore Tamayo Goñiren Nolako zura: hileta bat inozentziari antzezlana: “Dantza garaikidea, jator eta samurtasunez bilduz, ama-alaba harremanaren arrakalatik inozentzia hil eta errealitateari pastel koloreak kenduko dizkio”.
Ander Lipus: “Aulestin beti esku zabalik hartu gaituzte, eta hori ez da herri guztietan gertatzen. Batzuetan kultura bigarren edo hirugarren mailako zerbait da, eta Aulestik beti erakutsi du kultura, eta kasu honetan euskal kultura, ezinbestekoa dela herri moduan aurrera egin nahi badugu”.
Udal aretoko azken emanaldia Itzuli Konpainiarena izango da: apirilaren 8an 21:00etan Adriene Bergson-Johnson. Euskal kulturak behar duen mazterklaza emanaldia ikusteko aukera egongo da. Itzuli Konpainiako kideek Bergson-Johnson pertsonaiaren bitartez ispilu aurrean jarri eta hausnartzeko gonbidapena egingo diete ikusleei: “XXI. mendek garai likido eta ilun hauetan, Adriene texastar enpresariak argia ikusi du, eta euskal kultura salbatzeko prest da. Zu, XXI. mendeko euskaldun zaren hori, ausartzen al zara ispilu honen aurrean ezartzen?”.
Udal aretotik frontoia salto egin, eta apirilaren 9, 10 eta 11n 21:30ean eskainiko dituzte emanaldiak. Oholtzaratzen lehenak Mailu Antzerki Tailerreko kideak izango dira, Pinpilinpauxa horiak antzezlanagaz. Gaizka Sarasolak idatzia eta Manex Fuchsek zuzendua, mugan dagoen Pinpilinpauxen Benta izeneko tabernan gertatzen direnak kontatuko dituzte zazpi pertsonaiak: Maritxu bertako nagusi eta langilearen bitartez, tabernan isolaturik geratu diren bezeroen arteko harremanetan murgiltzeko aukera egongo da.
Apirilaren 10ean etxeko uzta dastatzeko aukera egongo da: Axut!-en eta Artedramaren Nor naizen baneki antzezlana. Antzoki baten indusketagaz hasiko da emanaldia, eta pertsonaien barne-bilaketagaz amaituko da: “Bi mila urtetan metatu diren gudu ezagunak, gai ez oso ezagunak eta trauma lurperatuak argitara emanez ikuslea Inkisizioaren, Frantziako Iraultzaren, Karlistaden eta 1936ko gerlaren ikuspegietan murgilduko da, familia, jabetza, mugak, herentzia genetikoa eta indarkeria koloniala bezalako gaiak jorratzeko”.
Arte eszenikoetan euskaraz aritzen direnak elkartzeko helburuagaz, “indarberrituta” eta programa “oso oparoagaz” dator ADEL.
Jaialdia Infinitu Dramaren Promesarik txikiena antzezlanagaz amaituko da, apirilaren 11n. Poesia eszenikoaren, umore zirtoek, antzerki musikalaren eta lengoaia garaikidearen bitartez, laguntasunaren eta komunitatearen inguruan hausnartzera eroango dituzte ikusteak: “Zein da lagun bati egin diezaiokegun promesarik txikiena? Antzezlan hau zirrikitu bat da, laguntasunetik abiatuta komunitateri erreparatzeko”.
Laborategia. Jaialdiarekin batera, 16 ikasle antzerkigintzaren barruko zirrikituetan murgilduko dira. Euskal Herri osoko 16 ikaslek parte hartuko dute aurten, eta astebetez prestakuntza trinkoa jasoko dute, antzerkia eta dantza uztartuz: “Denetariko irakasleak edukiko ditugu, eta aurtengoan ere, programa biribila prestatu dugu. Aukeraketa bat egin behar izan dugu, baina aukeratutako horrekin oso pozik gaude”.
Artedramako kideek lurraldetasunari erreparatuta antolatzen dute ADEL, eta horren isla dira antzerki emanaldiak, nahiz laborategiko irakasle eta ikasleak ere: “Ikasleei dagokienez, Euskal Herriko txoko guztietatik etorriko direnak ikasleak. Guretzat lurraldetasuna garrantzitsua da, euskal komunitate horri eta gazte horiei aukera ematea euskara hutsean ikasteko, esperimentatzeko eta jolasteko, antzerkigintzatik eta dantzaren mundutik”. Hala, Maryse Urruti, Idoia Tapia, Formol Laborategiko kideak, Nagore Tamayo, Ximun Fuchs eta Lipus bera izango dira aurtengo irakasleak.
Aulesti, epizentroa. Urtez urte, Aulesti izaten da ADELen epizentroa, eta horretan jarraitzeko asmo sendoa erakutsi dute Artedramako kideek: “Alde batetik, landa eremuetara antzerkia eroatea ezinbestekotzat ikusten dugu. Izan ere, ohituta gaude gauza handiak hiri handietan egitera, eta askotan herri txikiak albo batera uzten ditugu”. Bestalde, Aulestiren eta aulestiarren eskuzabaltasuna nabarmendu du Lipusek: “Aulestin beti esku zabalik hartu gaituzte, eta hori ez da herri guztietan gertatzen. Batzuetan kultura bigarren edo hirugarren mailako zerbait da, eta Aulestik beti erakutsi du kultura, eta kasu honetan euskal kultura, ezinbestekoa dela herri moduan aurrera egin nahi badugu”. Azkenik, Aulesti euskararen arnasgune eta ADEL euskaratik eta euskararentzako sortutako jaialdia izanik, Artedramako kideek argi dute herri txikietan gauza handiak egiten jarraitu nahi dutela.
- Apirilak 6, astelehena
- 21:00. Heriotzak Eduardo du izena, udal aretoan.
- Apirilak 7, martitzena
- 21:00. Alter Nation, udal aretoan.
- Ostean. Nolako zura: hileta bat inozentziari, udal aretoan.
- Apirilak 8, eguaztena
- 21:00. Adriene Bergson-Johnson: euskal kulturak behar duen mazterklaza, udal aretoan.
- Apirilak 9, eguena
- 21:30. Pinpilinpauxa horiak, frontoian.
- Apirilak 10, barikua
- 21:30. Nor naizen baneki, frontoian.
- Apirilak 11, zapatua
- 21:30. Promesarik txikiena, frontoian.