Iruñeko erailketa matxista salatzeko mobilizazioak deitu dituzte
Lekeition, Munitibarren eta Ondarroan bihar [apirilak 14] elkartuko dira, 19:00etan. Markina-Xemeinen, ostera, etzi [apirilak 15], 20:00etan, Goiko Portalean mobilizatuko dira.
Iruñeko Sandulezai auzoko etxe bateko hirugarren solairutik erori ostean, 37 urteko emakumezko bat hil zen atzo goizaldean. Udaltzainek gizonezko bat atxilotu dute, emakume horrengandik ezarritako urruntze agindua urratzeagatik, eta zer gertatu den ikertzen ari dira. Erailketa matxista horren aurretan, tokian tokiko zenbait talde feministek eta udalek mobilizazioak deitu dituzte. Esaterako, Lekeition, Munitibarren eta Ondarroan bihar [apirilak 14] elkartuko dira, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete.
Lekittoko Mugimendu Feministiak deituta, 19:00etan elkartuko dira Eskolapean, eta Ondarroan, berriz, ordu berean Alamedan ipini dute hitzordua Ondarruko Udaleko Berdintasun Kontseiluak eta Etxelilak. Munitibarren 20:00etan elkartuko dira, bidegurutzean.
Markina-Xemeingo Morelarre talde feministak, ostera, etzirako [apirilak 15] ipini du hitzordua; 20:00etan, Goiko Portalean mobilizatuko dira.
Gogoratu dute aurten hiru emakume erail dituela indarkeria matxistak Euskal Herrian eta 2003tik, berriz, 135 emakumezko eta 13 ume.