Eñaut Urreisti banakakoaren finalaurrekoan egongo da
Eñaut Urreistik eta Ludovic Ladutxek Banakako Laboral Kutxa Txapelketaren final-laurdenetako partiduak irabazi dituzte. Beste final-laurdena barikuan [apirilak 17] jokatuko dute: Johan Sorozabal Emeric Liboisen aurka eta Aritz Erkiaga Julen Basterra 'Txanika'-ren kontra.
Argazkia: Eraman Jai Alai. Eñaut Urreisti mutrikuarrak eta Ludovic Ladutxe getariarrak Berriatuko Banakako Laboral Kutxa Txapelketaren finalaurrekoak jokatuko dituzte. Lehenengo jardunaldiko estreinaldi handiaren ondoren, Mendibarren pilotalekuak goi mailako zesta-punta ikuskizuna bizi izan zuen bigarrenean ere. Ladutxek Jean Dominique Olharan pauetarra 2 eta 1 menperatu zuen. Urreistik, berriz, set bitan gailenduz ezarri zuen bere legea Unai Lekerika gernika-lumotarraren aurka. Berriatuko lehiaketa, hortaz, atzelari barik geratu da, eta aurrelarien zakutik irtengo da garailea. Getariarrak Johan Sorozabal miarriztarra edota Emeric Libois bidartarra izango du arerio; mutrikuarrak, aldiz, Aritz Erkiaga ispastertarra edo Julen Basterra Txanika hondarribitarra. Bariku honetan [apirilak 17] argituko da beste finalerdia.
Ipar Euskal Herriko puntisten artekoa norgehiagoka estua, fisikoa eta ederra izan zen. Ladutxek estu eta larri lortu zuen final-laurdenetara sailkatzea, eta beste hainbeste kostatu zitzaion Olharan moduko pilotari doitu eta beterano bati aurre egitea. Biek ala biek alde fisikotik heldu zioten final-laurdenari, baina getariarraren dominantzia handixeagoa izan zen. Lehen jokaldi estuen ondoren, 6 eta 12 nagusitu zen Ladutxe; lehen setaren azken txanpan Olharanek apur bat behera egin zuen.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Bigarrenean, 4 eta 7 aurreratu zen berriro bietan gazteena, baina zazpina berdindu zuen aurkariak, eta 9 eta 8 aurrea hartzera ere iritsi zen. Gogor saiatu arren, Ladutxen jokoak argiak eta itzalak, tantoak eta hutsegiteak, uztartu zituen; 10 eta 11 aurreratu zen, baina hamaikana berdindu zuten. Azke sakean kale edo bale egin zuen Olharanek, eta berdinketaren tantoa lortu. Hirugarren eta azken setean, Ladutxek material berria kantxaratu zuen, eta neurri hark argitu zion, hain zuzen, garaipenerako bidea. 3 eta 5 nagusitu zen getariarra, baina urrats bat aurrera egiteko beharra ere plazaratu zuen, finalerdietan biziraungo baldin badu.
Julen Del Rio gasteiztarra eta Ortzi Aldazabal Argoitia etxeko puntista kanpoan geratu ondoren, ikusteko zegoen ea Lekerikak Urreisti menperatu ahalko ote zuen, banakako lehiaketak atzelariren bat eduki zezan. Baina ez zen hala izan. Mutrikuarrak inongo pitzadurarik gabe ekin zion jokoari, eta bizkor urratu zituen lehen alde esanguratsak: 6 eta 0ko partziala. Bi hormatara errebotez jaurtita egin zuen minik handiena. Lehen seta 12 eta 4ko markagailu argiarekin biribildu zuen Urreistik.

Argazkia: Eraman Jai Alai.