Eneko Sagarmendik garaipena lortu du Master Cup zirkuituko Gipuzkoako Irekiko lehen txapelketan
Eneko Sagarmendi mutrikuarrak eta Lander Ortega lasartearrak, domekan [apirilak 12], Zumarragako Beloki pilotalekuan jokatutako pilota egokituko Master Cup zirkuituko Gipuzkoako Irekiko lehen txapelketako finala irabazi zuten. Bikotea 20 eta 15eko markagailuagaz nagusitu zen Xabat Askasibar antzuolarraren eta Hodei Asteasu errenteriarraren aurka.
Sagarmendiren hitzetan partida “oso lehiatua” izan zen hasieratik. Neurketaren lehen zatian lau pilotariek akats batzuk egin bazituzten ere, lehia estua eta gogorra izan zen, tanto bakoitza borrokatuz. Bigarren zatian, ordea, Sagarmendik eta Ortegak pauso bat aurrera eman zuten; sendoago aritu ziren, akats gutxiago eginez, eta irmotasun hari esker lortu zuten garaipena.
Sagarmendik adierazi duenez, partida ona egin arren, akats batzuk ere egin zituen: “Nahiz eta huts batzuk egin, tanto onak egin nituen, eta orokorrean atzera botatzen sendo aritu nintzen. Gustura sentitu nintzen kantxan”. Domekako garaipenak balio “berezia” izan du mutrikuarrarentzat: “Nire 21. txapela lortu dut. Oraindik ezin sinistuta nago, baina nire bidea aurrera eramaten ari naiz, eta oso pozik nago ematen ari naizen mailarekin”.