Liburu Hilabetea "indartuta" dator Mutrikura
Mutrikuko Udalak "ohi baino egitarau zabalagoa" antolatu du aurten Liburu Hilabeterako.
Mutrikuko Udalak “indartu” egin du aurten Liburu Hilabetea, eta horren erakusgarri izango da apirilaren bigarren hamabostaldian antolatu duen “egitarau zabala”. Ohiko jarduerez gain, hiru idazleren bisitak, erakusketa bat eta kontzertua izango dira aurtengo berrikuntzen artean.
Karteletrak erakusketa nabarmendu dute ekitaldien artean: apirilaren 16tik 30era bitartean Zabiel kultur etxean egongo da ikusgai. Gainera, Joseba Sarrionandiak parte hartuko du eguenean, 18:30ean, ospatuko den irekiera ekitaldian; izan ere, Sarrionandiak “paper garrantzitsua” izan du erakusketaren antolaketan eta koordinazioan. Erakusketa Markos Gimenok sortutako palindromoek osatzen dute, baita palindromoak ilustratzeko artista ezberdinek sortutako kartelek ere: “Palindromoak ezkerretik eskuinera eta alderantziz berdin irakurtzen diren hitz eta esaldiak dira. Markos Gimenok gaitasun berezia zeukan palindromoak sortzeko eta erakusketa hau berari eskainitako omenaldi bat da”.
Gainera, Sarrionandiak Markos Gimenoren 101 letrakartel liburua ere kaleratu zuen, artistak egindako palindromo guztietatik 101 aukeratu eta glosatuta. Idazlearen hitzetan Gimenoren obra “oso interesgarria” da: “Markos Gimenoren bizitza eta obra oso interesgarriak dira zentzu askotan eta denok ezagutu beharko genituzke. Haren kartel palindromiko bakoitzak sorpresa linguistiko bat aportatzen du, eta garunarentzako joko bat da”.
Horrez gain, erakusketarekin lotuta, apirilaren 24an [barikua], 19:00etan, Mursegoren Sukramarkus: Markos Gimenoren palindromoen berrirakurketa librea kontzertua egongo da Zabielen. Sarrera hiru eurotan eskuratu daiteke Mutrikuko Udalaren webgunean edo Turismo Bulegoan, gaurtik [apirilak 14] aurrera.
“Literatura, ikus arteak eta musika uztartzen dituen proposamen interesgarria mutrikuarren eta ingurukoen eskura jarriko dugu. Erakusketa apirilaren 30era arte egongo da irekita. Aste barruan 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan 12:00etatik 14:00etara”, zehaztu dute Mutrikuko Udaletik.
Bestalde, zapatuan [apirilak 18], Merkatu txikiarekin batera Onintza Enbeitak Bizitza baten txatalak liburua aurkeztuko du, 12:30ean, Beheko plazan. Feli Madariagaren bizitza kontatzen du liburuan Enbeitak, “baserriari eta lurrari lotutako emakume baten bizitza da liburuaren muina; finean, desagertzear dagoen bizimodu baten lekukotasuna”.
Apirilaren 23an [eguena], Liburuaren Nazioarteko egunean, umeentzako ipuinaren ordu musikatua egongo da liburutegian. Habiako ipuinak izenburupean Amaia Elizagoienek jarriko dio ahotsa kontaketari, eta Itziar Olague arduratuko da musikarekin.
Apirilaren 28an [martitzena] Katixa Agirrek Barne zerbitzuak lana aurkeztuko du, 18:00etan, liburutegian. Agirreren lanak 1937tik 1943ra bitarteko garaian kokatzen du irakurlea: Espainiako gerra aurrena, eta horren segidan II. Mundu Gerra. “Ehunka mila gizon lubakietan, itsasoan nahiz airean elkar hiltzen. Baina hau ez da gizonen gerra kontakizun ohikoa, sasoi ilun hartan bere bizia jokatuz beste askorenak salbatu zituzten emakume ausartei buruzkoa baizik”.
Katixa Agirrek liburua aurkeztu ostean, IX. Ziriako Andonegi Mikroipuin Lehiaketako sariak banatuko ditu udalak, hala, Liburu Hilabeteari amaiera emanez.