Olatz Dañobeitiak 'Sorginak, putak, terroristak' liburua aurkeztuko du Ondarroan
Ondarroako Torturatuen Sareak antolatuta, Olatz Dañobeitia Ceballos lekeitiarrak 'Sorginak, putak, terroristak. Indarkeria matxistarenertzak: tortura politikoa' liburua aurkeztuko du eguenean [apirilak 16], 18:30ean, Ondarroako Kofradia Zaharrean.
Ondarroako Torturatuen Sarea torturari buruzko lanketa ezberdinak aurrera eramaten dabilen honetan, beste hitzordu bat zehaztu dute eguenerako [apirilak 16]. Oraingoan, Olatz Dañobeitia Ceballos lekeitiarrak iaz argitaratutako Sorginak, putak, terroristak. Indarkeria matxistaren ertzak: tortura politikoa liburua aurkeztuko du, 18:30ean, Kofradia Zaharrean.
Olatz Dañobeitia Ceballos EHUko irakasle eta ikerlariak “ariketa kolektibo” gisa definitu du saiakera, izan ere, eragile ezberdinek pare hartu dute; besteak beste, Emagin elkarteak torturak jasan dituzten emakumeak eta torturaren aurkako eragileak. Dañobeitiak iaz argitaratutako liburuak idazleak berak 1990ean egindako tesia du oinarrian: ezker abertzaleko emakumeen militantzia eta emakume haiek sufritutako errepresioa- berak barne- aztertu zuen.
“Tortura atzo, gaur eta bihar. Horixe da liburu honen abiapuntuetako bat. Lehenago aitortu nahi ez, eta orain iraganeko kontua dela sinestarazi nahi digute; ez ikusiarena egiteak, ordea, mina eta indarkeria iraunkor bihurtzen ditu”. Tortura ere “praktika matxista bat” dela dio liburuak, eta Euskal Herriko gatazka politiko armatuan borrokatu diren emakume torturatuek pairatutako bortxa berezitu hori aztertzeko eta kokatzeko marko feminista bat kokatu dute lehenik: “Orain arte egindako aitortza eta osatze bidean beste pauso bat eman dugu, erreparazio pertsonal eta kolektiboa helburu izanik”.