Justiziak aseguru etxea zigortu du Iurgi Beraza Uriarte hil zeneko istripuagatik
Josu Berazak eta Agurtzane Uriartek, Aulestiko 11 urteko haurraren gurasoek, ebazpenarekiko desadostasuna erakutsi dute, hala ere, ez errekurritzeko erabakia hartu behar izan dute hain "luzea eta mingarria" izan den prozesuari amaiera eman ahal izateko.
Justiziak Iurgi Beraza Uriarteren gurasoek salatu zuten aseguru etxea legez hitzartutako kalte-ordaina ordaintzera kondenatu du. Epailearen ebazpenak jasotakoaren arabera, harrapaketa ez zen “halabehar hutsa” izan, eta erantzukizun penala baztertuta geratu ondoren, autoaren gidariaren erantzukizun zibila aitortu du.
Agurtzane Uriatek eta Josu Berazak ebazpenarekiko duten “desadostasun irmoa” eta honek eragindako “atsekabea” argi adierazi dute ohar baten bidez. Gurasoen aburuz, ebazpenak ezarritako zigorra ez da inolaz ere nahikoa izan, eta adierazi dute ez duela “benetan gertatutakoa eta honen larritasuna” aintzat hartzen. Hala ere, adin txikikoaren gurasoek ez errekurritzeko erabakia hartu dute, “hain luzea, mingarria eta emozionalki suntsitzailea izan den prozesuari amaiera jartzeko beharrizanagatik”.
Ia sei urteko prozesu judizialean, familiak “hutsune, kontraesan eta irregulartasunak” egon direla salatu du, benetan gertatutakoaren berreraiketa larriki oztopatu dutenak. Hauen artean, zenbait nabarmendu dituzte: Gertakaria “zoritxar larria” izan zela adierazi zuen polizia atestatua, ikerketa tekniko baten falta eta arduren esleipenik eza; hasierako ikerketan “elementu gakoen falta”; eta adituen txostenetan autoaren abiadurari edo istripuari buruzko kontraesanak egotea.
Ertzaintzarekin haserrea erakutsi dute gurasoek: “Gertakaritik bost urte igaro ondoren, atestatuaren ardura zuen ertzainak adin txikikoak kaskorik ez zuela adierazi du, istripuaren tokian egindako ustezko adierazpenen arabera”. Gurasoek azpimarratu dute agenteak adierazitako hori “ez zela jatorrizko ikerketan eta atestatuan jaso”. Hala ere, epailearen azken ebazpenean aintzat hartu den datu bat izan da, “ikerketaren sinesgarritasuna kolokan jarriz”.
Egia, errespetua eta justizia
Urte luzez borrokan aritu ondoren, Iurgiren guraso eta ingurukoek “dolua hasteko eta euren bizitzak berreraikitzeko garaia” dela adierazi du. Heriotza eragiten duten istripuetan ikerketa zorrotzak eta garbiak egiteko beharra azpimarratu dute gurasoek, eta semearen kasuak hausnarketa hau egiteko balio izatea espero dute.
Azken ohar bat utzi du familiak: “Iurgi ez da zifra bat, ez da espediente bat. Ume bat zen, seme bat, eta bere memoriak egia, errespetua eta justizia merezi ditu”.