Geuretik Sortuak egitasmoak bi hitzordu eskainiko ditu Lea-Artibain
'Lau haizeetara' film laburren proiekzioa egongo da Aulestin, eta Metrokoadroka Sormen Lantegiko 'Bi baso bat ur' antzezlana Ziortza-Bolibarren.
Asteburuan kultur eskaintzaz bustiko da Lea-Artibai; izan ere, Geuretik Sortuak egitasmoaren baitan bi ekitaldi egongo dira Aulestin eta Ziortza-Bolibarren.
Alde batetik, Ziortza-Bolibarren Bi baso bat ur antzezlana eskainiko du Metrokoadroka Sormen Lantegiak bihar [apirilak 17], 20:00etan, frontoian. Piezak tratu txarren eta traumaren ondorengo pozean jartzen du arreta. Antzezlanean lau aktore ageri dira oholtza gainera, geldi baina dantzan, bakoitzak eskuan ur baso bana dutela, eta mina gainditzeari buruzko ikuspegi sakona, errespetuzkoa eta alaia eskainiz.
Bestalde, Aulestin Lau haizetara izeneko film laburren proiekzioa egongo da domekan [apirilak 19], 18:30ean, udal areto nagusian. Euskaraz sortutako lau film laburren bilduma da, lau zinegileren lanek osatutakoa: Aitor eta Izaro Arruti, Alba Lozano, Olatz Overejo eta Raul Barreras.