Ispasterren haurrei zuzendutako zinema tailer sortzailea egingo da
7 eta 12 urte bitarteko haurrek zinema analogikoa margotuz esperimentatzeko aukera izango dute Iñigo Egiluz aretoan.
Ispasterren “Zinema Tailerra” izeneko jarduera berezia antolatu da datorren zapatuan [apirilak 18], haurrek sormen artistikoa garatzeko helburuarekin. Tailerra Iñigo Egiluz aretoan izango da, 10:30etik 13:30era bitartean.
Proposamenak zinema eskuekin sortzera gonbidatzen ditu parte-hartzaileak. Margoak, tintak eta elementu naturalak erabiliz, 16 mm-ko pelikulan eta argazki diapositibetan zuzenean margotuko dute, kolore eta formekin jolastuz eta sormen prozesuaz gozatuz.
Sortutako irudiekin film kolektibo bat osatuko dute, eta saioaren amaieran proiektore analogiko batean ikusteko aukera izango dute, euren lanaren emaitza pantaila handian gozatzeko.
Tailerra 7 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, eta antolatzaileek gomendatzen dute parte-hartzaileek hamaiketakoa ekartzea.
Izena emateko galdetegi hau bete behar da.