Markina-Xemeinek 60. mendi martxa hartuko du domekan
Ibilbide luzeak 26 kilometro izango ditu, eta laburrak 11 kilometro. Egunean bertan eman beharko da izena, irteera ordua baino ordu erdi lehenago.
Mendizaleek hitzordu garrantzitsua izango dute asteburuan, izan ere, 60. mendi martxa hartuko du Markina-Xemeinek domekan [apirilak 19].
07:00etan abiatuko da ibilbide luzea, Opela Okindegi paretik (Atxondo kalea, 4). 26 kilometroko ibilbidea izango da, eta parte hartzaileek 1.400 metro inguruko desnibela gainditu beharko dute. Ibilbideak Artibai inguruko hainbat paraje eta mendi zeharkatuko ditu, besteak beste Otarre, Laitxu, Urko, Kalamua eta inguruko tontorrak.
Bestalde, ibilbide laburra 09:30ean hasiko da, kasu honetan, autobus geltokitik. 11 kilometroko luzera izango du ibilbideak, eta 430 metroko igoera eta 900 metroko jaitsiera izango ditu.
Antolatzaileek jakinarazi dute izen ematea gunean bertan egin beharko dela, irteera baino ordu erdi lehenago. Ibilbide luzean parte hartu nahi dutenek 06:30etik aurrera eman ahalko dute izena, eta laburrera joango direnek, berriz, 09:00etatik aurrera. Ibilbide bakoitzari dagokion irteera postuan eman beharko da izena.
Horrez gain, azpimarratu dute ibilbideak seinaleztatuta egongo direla, eta martxa luzeko hornidura Ixura mendatean egongo dela, irteeratik 15 kilometrora. Amaieran, parte hartzaile guztiek oparia jasoko dute.
Antolatzaileek ingurunea errespetatzeko deia egin dute, eta martxan arazorik izanez gero bi telefono jarri dituzte parte hartzaileen eskura: 636 58 60 37 eta 616 84 71 18.