Ondarroako Gaztetxearen 13+23. urteurrena ospatuko dute apirilaren 25ean
Ondarroako Gazte Asanbladak egun guztiko egitaraua antolatu du apirilaren 25erako [zapatua]. Asanbladako kideek zabaldutako galdetegia beteta edo Alai tabernan izena emanda apuntatu daiteke bazkarian.
Ondarroako Gazte Asanbladak gaztetxearen 13+23. urteurrena ospatuko du apirilaren 25ean [zapatua]. Horretarako, egun guztiko egitaraua antolatu dute asanbladako kideek, eguna “goi-goitik” ospatzeko.
Aurka, Betepaeta eta Hil da Laboa kolektiboek osatutako mahai-inguruagaz emango diote hasiera egitarauari, Euskal Herriko eszena musikala aztertuz. Ondoren, marianitada egongo da, eta gero, bazkarian batuko dira guztiak. Horretarako, izena eman beharko da gaztetxeko sare sozialetatik zabaldutako galdetegian edo Alai tabernan.
Bazkalostean, Iago Magok magia ikuskizuna eskainiko du, eta 19:00etan Debrass Band txarangagaz aterako dira kalera. Egunari amaiera emateko gaztetxera bueltatuko dira, kontzertuei hasiera emanez; Zauria, Bellum eta Zerotan taldeak igoko dira oholtzara. Gero, bi DJ ondarrutarren txanda izango da: Unai Osa eta Gorka Ugarte.