Lea-Artibain Kubarako material bilketa solidarioa antolatu dute egoera larriari erantzuteko
Lekeitio, Ondarroa, Mutriku eta Markina-Xemeinen egingo diren bilketek Kubako herriari laguntzea dute helburu, oinarrizko produktuen eskasia gero eta handiagoa den testuinguruan.
Lea-Artibai eskualdeko hainbat herritan elkartasun ekimen bateratua jarri dute martxan Kubako herriari laguntzeko. EHKS, IAS eta Euskadi-Cuba elkarteek sustatutako material bilketa honek oinarrizko produktuak biltzea du helburu, Karibeko herrialdeak bizi duen egoera ekonomiko eta sozial larriari erantzuteko.
Ekimenaren arabera, Kubak azken urteetan bizi duen krisia areagotu egin da, batez ere AEBen blokeo ekonomikoaren ondorioz. Egoera horrek erregai eskasia, itzalaldi orokorrak eta oinarrizko produktuen falta eragin ditu. Antolatzaileek azpimarratu dute, gainera, Kubak urte luzez nazioarteko elkartasun eredugarria erakutsi duela, besteak beste, medikuak munduko hainbat lekutara bidaliz, baina gaur egun bera dela laguntza behar duen herrialdea.
Horren aurrean, Lea-Artibaiko herritarrei dei egin diete elkartasunez erantzuteko. Bilketa nagusia zapatuan [apirilak 25] egingo da Ondarroa, Markina-Xemein, Mutriku eta Lekeition. Ondarroan, Alamedan, eta Markina-Xemeinen, Arkupien, 10:00etatik 12:00etara jasoko da materiala, eta Mutrikun, Beheko plazan, eta Lekeition, eskolapean, 12:00etatik 14:00etara.
Gainera, materiala aldez aurretik uzteko aukera ere egongo da barikura arte [apirilak 24] hainbat puntutan: Ondarroako eta Mutrikuko institutuetan, Iturriotz Institutuan eta Lekeitioko Txatxo estankoan.
Bilketa honen bidez hainbat motatako materiala jasoko da, besteak beste osasun materiala, botikak eta ekipamendu medikoa; elikadura osagarriak eta iraunkorrak; higiene produktuak; kirol eta eskola materiala; eta garbiketa produktuak. Antolatzaileek zehaztu dute materiala egoera onean egon behar dela eta iraungitze datak kontuan hartzea garrantzitsua dela.
Ekimenak, materiala biltzeaz gain, nazioarteko elkartasunaren balioa azpimarratu nahi du. Antolatzaileen ustez, gaur egungo testuinguru globalean —gatazkek eta desorekek markatutakoan—, beharrezkoa da elkartasunez jardutea eta herrien arteko laguntza sustatzea.
Horrela, Lea-Artibaiko herriek beste behin erakutsiko dute elkartasunerako gaitasuna, Kubako herriari laguntza zuzena eskainiz eta egoera zail bati aurre egiteko ekarpena eginez.