Txomin Juaristi, behetik gora Galizian
Txomin Juaristi Arrieta markina-xemeindarrak zazpigarren postuan amaitu du O Gran Camiño itzulia. Behetik gorako proba lehiatu du Euskaltel Euskadiko ziklistak, eta azken etapa gogorrean bosgarrena izan da.
Argazkia: Euskaltel Euskadi. Volta a la Comunitat Valencianan lepauztaia apurtu ondoren, Euskal Herriko Itzulian sufritzea egokitu zitzaion Euskaltel Euskadi etxeko Txomin Juaristi Arrieta txirrindulari markina-xemeindarrari, baina bere pedal kolperik onenetik hurbilago azaldu da iragan astean zehar: zazpigarren postuan biribildu du Galiziako O Gran Camiño astebeteko itzulia. Juaristik behetik gorako proba lehiatu du, erlojupeko probarekin hasi, eta azken egunetako mendiko jardunaldietara arte.
Markina-xemeindarraren eta Jon Agirre zumaiarraren kartak jokatzeko asmoz iritsi zen euskal taldea galiziar lurretara, eta azkenean Juaristi izan da kiderik aurreratuena. Lehen egunean, 15 kilometroko bakarkako erlojuaren kontrako etapa lehiatu zuen, eta minutu bateko galerarekin harrapatu zuen Coruñako Herkulesen Dorreko helmuga lerroa. Bigarren eta hirugarren egunetan ez zuen galerarik eduki, eta laugarrenean, berriz, lehen postuetara hurreratu zen; Cabeza de Meda mendate gailurrean lehen hamarren atarian sailkatu zen, 11. postuan, eta behin-behineko sailkapenean bederatzigarren tokia harrapatu zuen.

Argazkia: Euskaltel Euskadi.
Monte Trega gailurrean, zapatuko [apirilak 18] etapan bistaratu zuen markina-xemeindarrak bere bertsiorik onena eta aurtengo denboraldiko distiratsuena: azken podiuma lehiatu zuen laukotearen ondoren (Alessandro Pinarello, Jorgen Nordhagen, Adam Yates eta Ivan Romeo), helmugaratzen lehena izan zen Juaristi, bosgarren postuan. Azken igoera onenen pare eginda, azken sailkapeneko zazpigarren posturaino iritsi zen. Markina-xemeindarrak, galiziar itzulia biribilduta, “egunetik egunera hobeto” aritu dela nabarmendu du.
UAE Team Emirates-XRG etxeko Adam Yates britainiarra nagusitu da O Gran Camiñon, Visma Lease a Bikeko Jorgen Nordhagen norvegiar gaztearen eta NSN Cycling etxeko Alessandro Pinarello italiarraren aurretik. Juaristi lehen euskalduna izan da, bere taldekide Agirre orduko; gipuzkoarra hamabosgarrena izan da.

Argazkia: Euskaltel Euskadi.