'Berangokoak aske, ongi etorriak libre!' hitzaldia egongo da barikuan Mutrikuko Gaztetxean
Berangoko ongi etorriaren harira auzipetutako 16 lagunen kasuari buruzko hitzaldia egongo da barikuan [apirilak 24], 18:00etan, Mutrikuko Gaztetxean.
2022ko martxoaren 13an Ibai Aginaga euskal preso politikoari Berangon egindako ongi etorrian parte hartzeagatik Espainiako Audientzia Nazionalak 16 pertsona auzipetu zituen, eta ekainaren 8tik 26ra bitartean epailearen aurretik pasa beharko dira. Horren aurrean, Mutrikuko Gazte Asanbladak gertatutakoari buruz hitz egiteko hitzordua antolatu du barikurako. Berangokoak aske, ongi etorriak libre! izenburupean hitzaldia egongo da 18:00etan Mutrikuko Gaztetxean.
Mutrikuko Gazte Asanbladatik jakitera eman dutenez, ongi etorria egin aurretik, ultraeskuindar taldeek salaketa jarri zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean, ekitaldia ilegalizatzeko: “Auzitegiko epaileak ongi etorria baimendu zuen, salaketa atzera eginez. 2022ko otsailean, espainiar kongresuak, Alderdi Popularrak bultzatuta, bosgarren aldiz bozkatu zuen ongi etorriak legez kanpo uzteko eta euskal preso politikoen kartzela onurak bertan behera gelditzeko, baina bozketa horrek berriro ere ez zuen aurrera egin”.
Ongi etorriaren ostean, Espainiako Entzutegi Nazionalak Voxen, Fundacion Cisnerosen eta Dignidad y justicia-ren salaketak onartu zituela azaldu dute asanbladatik, “terrorismoaren gorazarre” egitea leporatuz. “Horren ondorioz, 2022ko abuztuaren 22an Kandaru Kultu Elkarteko hiru kidek deklaratzera joan behar izan zuten Madrilera. Ondoren, Espainiako Audientzia Nazionalak 16 pertsona auzipetu ditu, baimendutako ongi etorrian parte hartzeagatik eta terrorismoaren gorazarrearen akusaziopean”. Hala, 16 kideak ekainaren 8tik 26ra bitartean epaituak izango dira: “36 urte baino gehiagoko espetxe zigorrak, 171 urteko inhabilitazioak eta 75.900 euroko isunak eskatzen dizkiete”.
Egoera honen aurrean, Berangokoekin Elkartasun Komitea (BEK) sortu zen 2025ean: “Egoera bidegabea salatzeko eta kideei laguntza emateko helburuarekin sortu zen komitea. Horrez gain, euskal preso politiko guztientzako amnistia aldarrikatzen dugu, baita herri bakoitzeko presoak askatzen direnean ongi etorria egiteko eskubidea defendatu ere. Euskal herriko eskualde eta herrialde ezberdinetako jende eta eragileekin elkarlanean dabil komitea, ekintza desberdinak eginez”.
Hitzaldiaren antolatzaileek “militantzia politikoaren erasoaldi argi” gisa definitu dute kasua: “Azpimarratu behar da egoera honetan oinarrizko eskubideak direla jokoan daudenak, hala nola, biltzeko, antolatzeko, adierazpenerako eta mobilizatzeko eskubideak, hots, militantzia politikoa gauzatzeko, alegia. Militantzia politikoaren erasoaldi argi bat ematen ari da, eskubide politik eta sozialen urraketa”. Hala, herri bakoitzeko euskal preso politikoak askatzean ongi etorria egiteko eskubidea aldarrikatu dute: “Horrez gain, euskal preso politiko guztientzako amnistia aldarrikatu nahi dugu, amnistia osoak errepresaliatu ororen askatasunaz harago doan esangura baitauka, borrokaren zilegitasuna hain zuzen ere. Horrelakorik ez gertatzeko berme bakar legez ulertzen dugu amnistia osoa, gatazka politikoa gainditzeak ekarriko baitu euskal langileriaren zein herriko beste sektore batzuen errepresioa desagertzea”.
Beraz, auzipetuen egoera azaltzeko hitzaldia antolatu du Mutrikuko Gazte Asanbladak barikuan [apirilak 24], 18:00etan, gaztetxean: “Dei egin diegu, beraz, Euskal Herriko langileriari eta herri sektore desberdinei Eskubide Zibil eta Politikoen kontrako eraso ororen aurrean hausnartu, antolatu eta altxa daitezen”.