Hautagaietako bi, finalaurrekoetara
Aritz Erkiagak eta Johan Sorozabalek Banakako Laboral Kutxa Txapelketaren finalerdietara sailkatzea lortu dute, hurrenez hurren, Julen Basterra 'Txanika' eta Emeric Libois menperatuta.
Argazkia: Berritxu Zest Eskola. Egungo bakarkako txapeldun Aritz Erkiagak, 2026ko Banakako Laboral Kutxa Txapelketa irabaziko baldin badu, gogotik sufritu beharko du. Ispasterko magoak arerio gogorra topatu zuen iragan barikuko [apirilak 17 finalerdian: Julen Basterra Txanika. 2002an jaiotako aurrelari hondarribitarrak, partidu oso serioa jokatuta, gauzak oso gaitz ipini zizkion beteranoari. Dejada dotore batekin, hautagai nagusiari argi eta garbi adierazi zion ez zegoela bere larrua merke saltzeko prest, eta 0 eta 1 aurrea hartu zuen. Atsedenaldira ere, aurretik iritsi zen Txanika: 4 eta 6. Erkiagarekiko nagusitasunak ez zuen etenik eduki, eta lehendabiziko setean iritsi zen ezustekoa: 6 eta 12ko markagailu argia, gipuzkoar gaztearen alde.
Bigarren seta hasi bezain laster, baina, partiduaren noranzkoa errotik aldatu zen. Pilota biziagoa probestuz eta hainbatetan egoerak iraultzeko hauspoa eman ohi dion pausarekin, Erkiagak partiduari buelta ematea lortu zuen. Banakako jokoak ez du hutsegiteetarako tarterik uzten, eta, alde horretatik, bigarren set distiratsua jokatu zuen ispastertarrak: ia akatsik gabekoa eta erabateko eraginkortasunez lehiatutakoa. Interesatzen zitzaion erritmoa ezarrita, markagailu berberarekin nagusitu zen faboritoa: 12 eta 6.
Hirugarren seta bigarrenaren inertziarekin abiatu zuen Erkiagak, eta 4 eta 0 aurreratu zen. Txanikak, baina, azken arma gordea zuen: asko estutu zuen bere aurkaria, 4 eta 3ra iritsiz. Edozelan ere, azken tiroa Erkiagaren xisteratik atera zen, eta hondarribitarrak ezin izan zuen haren pilotakada errebotez eroan. Kostata bada ere, Erkiagak finalean egotea lortu du.
Beste final-laurdena puntista gazteen norgehiagoka lapurtarra izan zen: Johan Sorozabal miarriztarra Emeric Libois bidartarraren aurka. Biek ala biek piloteorako ia tarterik ez zuten laga: abagunea ikusi ahala, errematera jo zuten. Livoisen kasuan, errebesez min egiten saiatu zen, alboz dotore sartu zen errebotera hainbat jokalditan, baina bere jokoa murritzagoa izan zen eskumaz. Gabezia hori atoan sumatu zuen Sorozabalek, eta 6 eta 5 aurrea hartu zuen. Apurka-apurka, aldeak mardultzen joan zen: 8 eta 5, lehenik; 10 eta 6, ondoren; 12 eta 8, azkenik.

Argazkia: Berritxu Zest Eskola.