Lekeitioko Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio Garraitzen duen ardura bere gain hartzeko
Arrisku egoeren hazkundea salatu eta premiazko plana eta erakundeen arteko koordinazioa eskatu ditu.
Lekeitioko Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio Garraitz uhartearen inguruko bere eskumenak bete ditzala, azkenaldian areagotzen ari diren arrisku egoerak direla eta. Eskaera hori Ander Aldazabal alkateak deitutako erakundearteko bileran egin da, eta bertan izan dira Bizkaiko Foru Aldundiko, Gurutze Gorriko, Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzako eta Ertzaintzako ordezkariak, udaleko arduradunekin batera.
Bileran, alkateak azpimarratu du premiazkoa dela egoerari aurre egiteko plan bat martxan jartzea. Ohartarazi duenez, gero eta arrisku gehiago sortzen ari dira uhartean, eta horien aurrean ezinbestekoa da erakundeen arteko koordinazioa. Hala ere, nabarmendu du batez ere eskumena duten erakundeek neurriak hartu behar dituztela, eta hori ez dela behar bezala egiten ari.
Udalak gogorarazi du islako moila eta bertarako sarbidea, eskailerak barne, Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzaren eskumenekoak direla, eta, beraz, haren ardura dela azpiegitura horien mantentzea eta segurtasuna bermatzea.
Bestalde, udalak gezurtatu egin ditu islako sarbidearen gaineko eskumena berea dela dioten informazioak, eta horrelako mezuak zabaltzearen aurka agertu da. Adierazi du desinformazioak nahasmena sortzen duela eta herritarrak kaltetzen dituela.
Amaitzeko, Lekeitioko Udalak berretsi du herritarren ongizatearekin duen konpromisoa, eta adierazi du lanean jarraituko duela udalerriko bizi kalitatea hobetzeko.