Mutrikuk aurrez aurreko arreta eskainiko du Debabarreneko Etxebizitza Bulego Ibiltariarekin
Hileko azken astelehenetan egongo da Etxebizitza Bulegoa Mutrikun, 12:15etik 15:00etara.
Debegesak martxanjarri du Etxebizitza Bulego ibiltaria. Mutrikuko Udala. Debabarreneko herritarrei etxebizitzen eta eraikinen birgaitzeari eta alokairurako eta energia eraginkortasunerako laguntzei buruzko informazioa, orientzazioa eta laguntza emateko helburuarekin, Debegesak, Debabarreneko udalekin elkarlanean, etxebizitza bulego ibiltaria jarri du martxan.
Etxebizitza Bulegoa martxoan jarri zuten abian, eta Mutrikun egongo da hileko azkenengo astelehenetan 12:15etik 15:00etara, Kondekale kaleko 18.ean (Debesega lokalean). “Arreta gune berri horri esker, Mutrikuko herritarrek aholkularitza pertsonalizatuko zerbitzua izango dute eskura, modu hurbil eta pertsonalizatuan”.
Ainhize Azpiazu Mutrikuko alkateak zerbitzuaren garrantzia nabarmendu du: “Zerbitzu berri hau oso albiste ona da Mutrikurentzat. Debegesarekin elkarlanean, mutrikuarrei etxebizitzaren arloan behar duten informazioa modu hurbilagoan eskaintzeko aukera izango dugu. Birgaitzea, energia eraginkortasuna eta alokairua moduko gaiak funtsezkoak dira gaur egun, eta ekimen honek herritarren ongizatea eta etxebizitza duin baterako sarbidea errazten lagunduko du”.
Bulego ibiltariak hainbat zerbitzu eskaintzen ditu; besteak beste, herritarrei informazioa, orientazioa eta laguntza ematea etxebizitzak eta eraikinak zaharberritzeko Etxebideren laguntzen eskabideak aurkeztean, bai eta beste laguntza osagarri batzuei buruzko informazioa ere, auzo komunitateei nahiz pertsona partikularrei zuzendutakoak. Horrez gain, etxebizitza hutsen alokairua ere bultzatzen du Bulego Ibiltariak, eta gizarte bonu elektrikoari eta termikoari buruzko informazioa eta aholkularitza ere eskaintzen du.
Zerbitzua “behar bezala” jasotzeko, aldez aurretik hitzordua eskatzea gomendatu dute Mutrikuko Udaletik. Horretarako, 675 87 38 53 telefono zenbakira deitu beharko da.
Bestalde, Esther Zarrabeitia Debegesako Hirigintza eta Birgaitze arduradunak azaldu du ekimenaren xede nagusia dela herritarrei dauden laguntza publikoetara iristeko erraztasunak ematea, alokairua bultzatzea eta birgaitze jasangarria sustatzea, “etxebizitzen eraginkortasun energetikoa hobetzen lagunduz”.
1988az geroztik, Debegesak “hiria birgaitzeko zerbitzu integrala eskaintzen” duela azpimarratu du Zarrabeitiak: “Herritarrak kontzientziatzeko eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeak dakartzan abantailez, eta auzo komunitateei, jabeei edo inkilinoei eraikinak eta etxebizitzak birgaitzen laguntzeko. Eskualdean indar handia duen zerbitzua da. 2025ean, esaterako, Debabarreneko 1.240 lagunek egin zituzten zaharberritze lanei buruzko kontsultak”.