'Berriz etorriko zera' dokumentala estreinatuko da maiatzaren 9an, Ondarroan
Jon Maia Soriak Frankismoan Ondarroara joan zirenei buruzko 'Berriz etorriko zera' dokumentala zuzendu du, eta maiatzaren 9an [zapatua] estreinatuko da udalerriko frontoian.
Berriz etorriko zera dokumentala estreinatuko da maiatzaren 9an [zapatua] 20:00etan, Ondarroako herriko frontoian. Ondarroako Udalak ekoiztutako eta Jon Maia Soriak zuzendutako ikus entzunezkoak Frankismoan Ondarroara joan zirenen testigantzak biltzen ditu; haiei aitortza eginez eta herriaren memoria kolektiboan txertatuz. Gainera, estreinaldia ekitaldi “hunkigarri” baten baitan egingo dela jakinarazi du Ondarroako Udalak: “Espainiar Estatuko herri desberdinetatik etorri ziren gure herrira, etorkizun hobe eta oparoago baten bila, miseriatik ihesi, eta horiek pantaila handira eraman ditugu”.
Dokumentalaren estreinaldirako sarrerak eskuratu beharko dira doan Turismo Bulegoan: martitzenetik barikura 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 17:00etara, eta asteburuan 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Egunean bertan, frontoira sartzeko sarrera bakarra Plaza Musikatik izango da: “Kantoipeko igogailutik mugikortasun murriztua daukatenak sartu ahalko dira bakarrik, eta eskailerak itxita egongo dira”.
Zor bat. Frankismo garaian Ondarroara joan ziren gehienak Galiziatik joan baziren ere, Espainiar Estatuko beste lurralde batzuetatik ere heldu ziren; besteak beste, Asturias, Extremadura, Andaluzia eta Gaztela eta Leon. “Zor bat geneukala uste genuen, aitortza egin beharra eta eskerrak eman beharra”, aitortu du Ondarroako Udalak. Hala, ikus entzunezkoan aipatutako leku guztietako herritarrei “ahotsa eman” diela azpimarratu dute: “Ondarroara nola etorri ziren, herrian zelan hartu genituen eta gaur eguneraino bizitza Ondarroan zelan egin duten azalduko dute: hizkuntza, kultura, lana, integrazioa, harremanak, ingurua, herria, elkarteak eta abar hizpide izanda”.
Dokumentala egiteko ideia bururatu ondoren, Jon Maiari eskatu zion udalak memoria historikoa landuko zuen ikus entzunezkoa zuzentzea: “Alde batetik, gaia barne-barnetik, etxetik, ezagutzen duelako eta esperientzia badaukalako halako proiektuetan. Izan ere, Azpeitiako Kastellanuek dokumentalarekin esaterako, eta bestalde, uste genuelako Jon Maiak profil oso egokia daukala herritik kanpo jaio ziren ondarrutar horiei guztiei behar moduko aitortza eta omenaldia egiteko”.
1936ko gerra amaitu ostean, Espainiar Estatuko toki ezberdinetako herritarrek euren etxeak utzi behar izan zituzten: “Krisia eta miseria ziren nagusi. Orduan, bizimodua aurrera ateratzeko, emigratu egin behar izan zuten, eta aukera legez, Euskal Herrira etortzea erabaki zuten. Helburuko herrietako bat izan zen Ondarroa, batez ere arrantza portu garrantzitsua izateak eta horren inguruko jarduera ekonomiko guztiak bultzatuta, bizitza duin bat izateko aukera baten bila”.
Euskal Herria “harrera herria” dela azpimarratu du Ondarroako Udalak, eta Ondarroa ere “anitza” dela jatorriz: “Euskal Herria beti izan da harrera herria. Eta euskaldunok herri etorkina izan garen moduan, gurean ere beti hartu izan ditugu beste herri batzuetatik etorritakoak. Jatorriz askotarikoa da Ondarroa, eta duela askotik gainera”.
Bestalde, Berriz etorriko zera dokumentala Eusko Jaurlaritzaren Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailak lagunduta gauzatutako proiektua da.
Kultur aniztasunaren astea. Ikus entzunezkoaren estreinaldia datozen egunetan aurkeztuko duen Kultur aniztasunaren asteko egitarauaren baitan kokatu du Ondarroako Udalak: “Herriko ikastetxeak eta jatorri desberdinetako hainbat herritar izan ditugu bidelagun egitaraua osatzeko orduan. Aste oso borobila izango da”.