Helmugak Bizipoza Jaiaren aurkezpena egin dute Markina-Xemeinen maiatzeko egitaraua aurkeztuz
Maiatzaren 22tik 24ra ospatuko den jaialdiak erronka solidarioa, hezkuntza ekimenak eta herri festa uztartuko ditu Lea-Artibai eskualdean.
Martitzenean [apirilak 21] arratsaldez aurkeztu zuten Markina-Xemeinen Helmugak Bizipoza Jaia, Lea-Artibai eskualdean elkartasuna, hezkuntza eta aisialdia uztartuko dituen ekimen handia. Aurkezpenean Bizipoza Elkarteko Joanes Camara, Aspanovas elkarteko Yolanda Gestoso, Helmugak elkarteko Ander Txakartegi eta Bibitxa kolektiboko Ainhoa Etxeberria eta Nerea Gartzia aritu ziren hizlari.
Azaldu zutenez, jaialdia maiatzaren 22tik 24ra egingo da, baina aurretik lanketa berezia egingo da eskualdeko ikastetxeetan. Bibitxa kolektiboa herriz herri eta ikastetxez ikastetxe ibiliko da Bizipoza Eskola egitasmoa aurkezten, haur eta gazteei elkarteek lantzen dituzten errealitateak gerturatuz. Joanes Camarak nabarmendu zuen tresna hori “oso garrantzitsua” dela ikusgarritasuna emateko eta oraindik bete gabe dauden eskubideak aldarrikatzeko.
Bizipoza Elkartea izaera bereziko gaiak lantzen dituzten haur eta familien 39 elkartek osatzen dute gaur egun, etengabe hazten ari den sarea izanik. Horien artean dago Aspanovas, minbizia duten haur eta nerabeei laguntza emozionala, soziala eta ekonomikoa eskaintzen dien elkartea. Yolanda Gestosok azaldu zuen duela urte batzuk batu zirela egitasmora, beste elkarteekin saretu eta familien ongizatea indartzeko helburuz.
Elkartearen jarduna eguneroko laguntza eskaintzean eta baliabideak erraztean oinarritzen da, baina baita sentsibilizazioan ere. Horretarako, material ugari sortzen ari dira euskaraz, besteak beste ipuinak, abestiak eta dokuwebak, heriotza, gaixotasunak edo aniztasun mota ezberdinak bezalako gaiak lantzeko.
Jaialdiaren barruan, maiatzaren 22an hasiko da erronka nagusia. Helmugak elkartearen eskutik, Ander Txakartegik bizikletaz Lea-Artibai eskualdea sei aldiz zeharkatuko du, Berriatutik abiatuta. 24 orduko erronka horretan, geldialdiak egingo dira herriz herri, eta bitartean askotariko jarduerak antolatuko dira: umeentzako gynkana, futbolin erraldoia, txokolatada eta kontzertuak, besteak beste.
Helmugak elkartearen jatorria ere azaldu zuen Txakartegik. 2015ean sortu zuten, kirola, euskara, natura eta pertsonak ardatz hartuta, munduan zehar erronka solidarioak egiteko. 2020an inflexio puntua izan zen, eta ordutik tokiko ekimenetan eta elkarlanean sakontzen joan dira, Bizipoza bezalako sareekin bat eginez.
Jaialdiari amaiera emango zaio maiatzaren 24an Berriatuan ospatuko den herri festarekin. Goizetik hasita, musika, pailazoak, dantzak eta bestelako ekintzak izango dira, eta Bizipoza osatzen duten elkarteek beren lana gertutik ezagutarazteko guneak ere jarriko dituzte.
Antolatzaileek azpimarratu zuten ekimen hau ez dela egun bakarreko ospakizun hutsa. “Hau ez da erronka batean edo jai batean amaituko”, adierazi zuen Txakartegik. Helburua epe luzeko eragina sortzea da, bereziki Bizipoza Eskolaren bidez, Lea-Artibaiko haur eta gazteengana iritsiz eta gizarte bidezkoago baten aldeko kontzientzia zabalduz.