Ondarroa BHIko 140 ikaslek bertoko zuhaitzak landatu dituzte
PAT 2026 proiektuaren barruan ingurumenari eta kulturari buruzko zenbat ekintza egin dituzte Ondarroa BHIko ikasleek. Gaur [apirilak 22] bertoko zuhaitzak landatu dituzte.
Ondarroa BHIko ikasleak zuhaitz landaketan. Ondarroa BHI. Ingurunea zaindu eta natura babestea helburu izanda Ondarroa BHIko 140 ikaslek bertoko zuhaitzak landatu dituzte gaur [apirilak 22] Zaldu baserriaren inguruan. Ekimena PAT 2026 proiektuaren parte da, eta zuhaitz landaketaz gain, bestelako ekintzak ere eraman dituzte aurrera ikasleek.
Esaterako, atzo [apirilak 21] Hostozabal elkarteak hitzaldia eskaini zuen ikastetxean, naturaren zaintzari eta jasangarritasunari buruz kontzientziatzeko. “Ikasleek arreta handiz entzun zuten hitzaldia eta galderak egiteko tartea ere izan zuten”, azaldu dute Ondarroa BHIko irakasleek.
Aipatutako bi ekimenez gain, datorren astean Guggenheim museora egingo dute irteera: “Bisita honek artea eta naturaren arteko harremana ezagutzeko aukera emango die ikasleei”. Hala, bi erakusketa ikusteko aukera izango dute: Lurraren arteak eta Ruth Asawa. “PAT2026 proiektuaren barruan egindako jarduerak oso interesgarriak eta erabilgarriak dira ikasleak naturaru buruz gehiago ulertzeko eta ikasteko”.