Domekan Gazte Duatloia egingo da Bizkaia osoko gazteekin
Lekeitioko portuan jokatuko da proba doakoa eta benjaminetatik kadeteetara egokitutako ibilbideekin
Lekeition jokatuko da 2026ko Gazte Duatloia datorren domekan [apirilak 26] 17:00etatik aurrera. Proba Independentzia plazan hasi eta amaituko da, eta jarduera guztia herriko portuan zehar egingo da.
Ekitaldia eskola kiroleko adinean dauden gazteei zuzenduta dago, hau da, benjaminetatik kadeteetara bitarteko kategorietan. Izen-ematea doakoa izan da eta antolakuntza Bizkaiko Triatloi Federazioak eta Lekeitioko Garraitz Kirol Klubak hartu dute bere gain.
Duatloiak bi diziplina uztartzen ditu, korrika eta bizikleta, eta ibilbideak adinaren arabera egokitzen dira. Parte-hartzaileek lehenik korrika egingo dute abadeen moilan zehar, ondoren bizikleta hartuko dute antolakuntzak prestatutako box-etan, portuan zehar ibiliz eta grua dagoen inguruan buelta emanez. Azkenik, berriz ere korrika egingo dute hasierako lekura iritsi arte.
Benjaminen kategorian, 500 metro korrika, 1,1 kilometro bizikletan eta 200 metroko azken korrikaldia egingo dituzte. Alevinek 500 metro korrika, 1,6 kilometro bizikletan eta beste 500 metro korrika osatuko dituzte. Infantil eta kadeteek, berriz, 1 kilometro korrika hasieran, 2,2 kilometro bizikletan eta amaitzeko 500 metro korrika egingo dituzte.
Antolakuntzak ohartarazi du bizikletako ibilbidea galtzada-harrizkoa izango dela, eta, horregatik, bideko zein mendiko bizikletak erabil daitezkeela. Halaber, kaskoa erabiltzea derrigorrezkoa izango da.
Momentuz, 39 gazte daude izena emanda: 12 benjamin, 22 alevin eta 5 infantil eta kadete kategorietan. Parte-hartzaileak Bizkaiko hainbat herritatik etorriko dira, besteak beste Lekeitiotik, Amorototik, Ispasterretik, Gizaburuagatik, Eatik, Durangotik, Gernikatik, Ondarroatik eta Bilbotik.
Ekimenaren helburua gazteen artean kirola sustatzea eta Lekeitioko portuan giroa sortzea da, familia eta herritarrentzat ere irekia izango den jardunaldi batean.