Musikaia Eguna ospatuko da Lekeition 200 parte hartzaile baino gehiagorekin eta hiru kalejira aldi berean
Musika eskolak berrikuntzaz beteriko edizioa antolatu du, herriko kaleetan presentzia handituz eta komunitate lotura indartuz.
Lekeitioko Musikaia musika eskolak berriro ere giroz eta musikaz beteko ditu herriko kaleak barikuan [apirilak 24] ospatuko den Musikaia Egunaren harira. 2013ko apirilean sortutako eskolaren urteurrena aitzakia hartuta, ekitaldi hau urtez urte sendotu da eta komunitatearen topagune bihurtu da.
Oihana Etxabe zuzendariak azaldu duenez, hasierako urteetan ospakizuna xumeagoa zen: kalejira bat, plazan emanaldi txiki bat eta ondoren ikasleentzako merienda. Hala ere, urteekin ekimenak hazten joan da, eta 2023an, 10. urteurrenarekin batera, jauzi garrantzitsua eman zen herriko beste musika taldeekin elkarlana hasita.
Ordutik, txaranga, estudiantina eta txistulari taldeak Musika Egunaren parte bihurtu dira. “Helburua da musika eskola komunitatera zabaltzea eta herriko taldeekin batera lan egitea”, azpimarratu du Etxabek.
Aurtengo berrikuntza nagusia hiru kalejira aldi berean antolatzea izango da. Orain arte ibilbide bakarra egiten zen, baina parte hartzaileen kopurua handitu denez, aurten ibilbide desberdinak diseinatu dira herriko gune gehiagotara iristeko. Talde bakoitza toki desberdinetatik abiatuko da eta guztiak plazan elkartuko dira amaieran.
Guztira, 214 lagun inguruk parte hartzea aurreikusten da, ikasle, irakasle eta herriko musika taldeetako kideak batuta. Kalejiren ondoren, talde bakoitzak bere zatitxoa eskainiko du plazan, formatu hurbil eta parte hartzailean. Eguna amaitzeko, ohiko merienda egingo da musika eskolako kideentzat.
Ekimenak badu, ordea, helburu pedagogiko eta sozial nabarmena. Ikasle gazteenentzat kalean jotzeko lehen esperientzia izaten da askotan, eta aukera paregabea da herriko taldeak gertutik ezagutzeko. “Motibazio handia da, ikusten dutelako zertarako balio duen ikasturtean zehar egiten duten lanak”, azaldu du zuzendariak.
Gainera, tokiko ondare musikala transmititzeko ere baliatzen da eguna, Lekeitioko kanta tradizionalak errepertorioan txertatuz, eta belaunaldi desberdinen arteko lotura sendotuz. Urtero, ikasle batzuk animatzen dira ondoren herriko taldeetan parte hartzera.
Sinplea izan arren, indar handia hartu duen ospakizuna da Musikaia Eguna, eta aurten ere musika, elkarlana eta komunitate sentimendua izango dira protagonista Lekeition.